Igiruako eta Enirio-Aralarko larreetarako izen-emateak zabalik daude
Igiruako larreetako izen-ematea abenduaren 19a baino lehen egin behar da, eta Enirio-Aralarko larreetakoa, aldiz, abenduaren 15a baino lehen.
Igiruako larreetatik, Ausa-Gaztelu.Hitza Igiruako larreetarako izena udaletxean aurrez aurre egin dezakete interesa dutenek, nekazaritza ustiategiaren txartela aurkeztuta, baita zaldibia.eus atariko bulego birtualean ere. Azken hori aukeratuz gero, bulego birtualean sartu, tramiteen esteka sakatu, erregistro orokorra gero eta erregistroan alta eman behar da. Abenduaren 19a baino lehen egin behar da eskaera, eta udalak azaldu duenez, «ezinbestekoa» izango da epea errespetatzea, bestela ezingo baitute baimena tramitatu.
Aurreko urteetan bezala, larrealdi kanpaina hasi aurretik, erabiltzaile guztiei bilera baterako deia egingo zaie, baimenak banatu eta gaiak lantzeko.
Ezarritako kopuruak
Enirio-Aralarko larreetara abereak igotzeko eskaera epea, aldiz, abenduaren 15ean amaituko da. Enirioaralar.eus webgunean dagoen estekan, dagokion udaletxera gerturatuta edo mankomunitateko teknikariarekin –Axel Garcia Audikana mankomunitateko kudeatzaile: 669 467 027– harremanetan jarrita egin daiteke eskaera. 18 eta 67 urte arteko adina eduki eta nekazaritzatik eta abeltzaintzatik urteko etekin gordinen %75 lortzen dutenentzat, gehienezko ardi eta hazarkumeen kopurua 60koa (azienda larre unitatea) da, gehienezko behi-zezenena 60koa, eta behizale profesionalek elkarte bat osatuz gero 70ekoa.
Nekazaritzatik eta abeltzaintzatik urteko etekin gordinen %75 baino gutxiago lortzen dutenentzat, aldiz, gehienezko ardi eta hazarkumeen, behi-zezenen zein zaldi-behorren kopurua 20 unitatekoa da.













