Udalek, gurasoek eta ikastetxeek teknologiaren erabilpen arduratsua bultzatuko dute
hiru ekimen antolatu dituzte 2026ko hasierako, Altxa Burua kolektiboko gurasoekin batera.
Urretxu eta Zumarragako udalek teknologiaren erabilera arduratsuaren adierazpena onartu dute eta ZEOS programa abian jarriko dute. Hasteko, hiru ekimen antolatu dituzte 2026ko hasierako, Altxa Burua kolektiboko gurasoekin batera.
Lehenik eta behin, haur eta nerabeen ingurune digitalen diagnostikoa egingo dute. Ekintza hori gurasoei zuzenduta egongo da. Helburua haur eta nerabeen tresna digitalen erabilerari buruzko datuak jasotzea da. Bildutako informazioarekin, etorkizuneko ekimenen ildoak definitu ahal izango dira. Galdetegi horretarako lotura bi udalen webguneetan egongo da eskuragarri.
Horretaz gain, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek Ongizate digital eta emozionala: pantailaren atzean zer? ikastaroa egingo dute. Helburua ez da teknologia gaitzestea, baizik eta ulertzea nola eragiten duen pantailen aurrean eta atzean egoteak.
Bukatzeko, ZEOS programa martxan jarriko dute. Programa horrek mugikorraren auziari erantzun eraginkorra eman nahi dio, hezkuntza komunitateari (familiak, eskolak eta ikasleak) ezagutza, bide, irtenbide eta tresna erabilgarriak eskainiz. Gainera, nerabeek bizi dituzten ohiko egoera desatsegin eta gaixotasun psikoemozionalei buruzko informazioa eta helduleku praktikoak emango dira, guztien artean egoera hobetzeko. Saioak urtarrilaren 20, 22, 27 eta 29an egingo dira, 18.00etatik 20.00etara. Urtarrilaren 20ko eta 22ko saioak Zumarragako kultur etxean izango dira eta urtarrilaren 27 eta 29koak Urretxuko kultur etxean.
Ongizate digital eta emozionala: pantailaren atzean zer? saioa eta ZEOS programako jarduerak Maitane Ormazabalek, psikologian adituak, gidatuko ditu.
Aurkezpena
Egitasmoa gaur aurkeztu dute, Zumarragako azokan. Ekitaldian Iñaki Mendiluze Zumarragako zinegotziak, Igor Zubillaga Urretxuko zinegotziak, Ormazabalek, Altxa Buruakeko gurasoek eta ikastetxeetako ordezkariek parte hartu dute.
Mendiluzek historia apur bat egin du. «Urretxuko eta Zumarragako udalok, azaroko udalbatzetan, haurren eta nerabeen artean teknologiaren erabilera arduratsua sustatzeko konpromisoa onartu genuen. Haurren eta nerabeen ongizatearen aldeko konpromisoa geureganatu genuen horrela», esan du.
Zubillagak baliabide digitalen presentzia gero eta handiagoa dela gogoratu du. «Horrek, aukerekin batera, erronka berriak ere ekarri dizkigu. Urretxuko eta Zumarragako udalontzat, erronketako bat erabilera egokia bultzatzea da, eragin kaltegarririk izan ez dezan gure komunitateko haurrengan eta nerabeengan. Bide horretan, udalokín batera, beharrezkoak dira familiak, ikastetxeak eta gainerako eragile eta zerbitzuak ere. Izan ere, hezkuntza komunitate sendo bat eratu behar dugu digitalizazioari modu hezitzaile eta prebentiboan heltzeko».
Horretarako, lau puntu jaso zituzten azaroko osoko bilkuretan onartutako adierazpenean: guraso eta hezkuntza komunitateen artean sentsibilizazioa bultzatzea, mugikorrik gabeko eta arreta sustatzen duten gune seguruak babestea, erabilera arduratsuan eta kritikoan hezten laguntzea eta eragileen arteko elkarlan sendoa bultzatzea.
Zubillagak udalen, Altxa Buruaken eta ikastetxeen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu du. «Elkarlan hori trinkotu nahi izan dugu konpromiso honekin».
Ormazabalek ZEOSek adar dituela esan du: teknologikoa eta nerabezaroarekin lotutakoa. «Lehen bi saioetan alderdi teknologikoa landuko dugu. Teknologia gure zerbitzura egon beharko litzateke, baina zenbaitetan teknologiaren zerbitzura nahi gaituzte. Teknologiarekin lotutako bi saioak Telmok gidatuko ditu. Nik, berriz, emozioekin lotutako bi saioak gidatuko ditut», azaldu du.
Ormazabal zumarragarra da eta «oso pozik» azaldu zen bere «etxean» lan egin behar duelako. «Gurasoei eta hezkuntza komunitate guztiari parte hartzeko eskatu nahi diot. Nerabeek gu behar gaituzte, bestela teknologia gaizki erabiliko dute. Izan ere, gaizki erabiltzeko eginda dago. Saioak trinkoak izango dira, baina entretenigarriak».
Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleei eskainiko dieten formazio saioari buruz, helduek jasoko dutenaren antzekoa izango dela esan du. «Ez ditugu haurrak eta nerabeak infantilizatu behar. Beraiek produktu gisa nahi dituztela erakutsiko diegu», amaitu du zumarragarrak.












