«Artelanak eta tokiak duten erlazioarekin jolasten dut asko»
‘Amiltzearen lorratza’ eta ‘Gu da gure guda’ bere lehendabiziko argitalpenak aurkeztu berri ditu Baluk (Ormaiztegi, 1984) jaioterrian. Durangoko azokan izango da asteburuan eta Beasainen, hilaren 16an.
Balu, pasa den astean Ormaiztegin.Josune Zarandona Balu artista ormaiztegiarrak bere lehen bi liburuak argitaratu berri ditu Amiltzearen lorratza eta Gu da gure guda izenburupean. Lehena poesia liburu bat da eta bigarrena foto-liburu bat, bere sormena modu oso ezberdinetan adierazteko bi proposamen. Liburuak pasa den azaroaren 25ean atera ziren argitara eta Iruñean aurkeztu ondotik, Ormaiztegin izan zen pasa den astean, familia eta lagunei ezagutzera emateko. Bizitoki duen Bartzelonara joan aurretik, 2021ean egin zuen bainuetxeko murala berritzeko probestu zuen Ormaiztegiko egonaldia.
Ormaiztegiarra zara jaiotzez. 9 urterekin Beasainera joan zinen bizitzera.
Beasaingo lagun batzuei esker ezagutu nuen grafitiaren kultura. 14 urterekin hasi nintzen grafitiak egiten, 1998an; ordu hartan Goierrin guztiz ezezaguna zen.
Goierritik Bartzelonara eta Bartzelonatik mundura?
2005ean joan nintzen Bartzelonara eta bertan diziplina ezberdinetan sakontzeko aukera izan dut ordutik. Orain dela 18 urte hasi nintzen New Yorkera (AEB) joaten eta ordutik urtero joaten naiz; orain bi aste izan nintzen azkenekoz. Han dago nire lanik ezagunenetako bat; Broadway eta 26. kalearen arteko kantoian dagoen Fermin Muguruza eta Mikel Laboaren mural bat.
«New Yorken dago nire lanik ezagunenetako bat; Broadway eta 26. kalearen arteko kantoian dagoen Fermin Muguruza eta Mikel Laboaren mural bat»
Kaleko eta estudioko lanak uztartzen dituzu.
Bi multzo horietan banatu daitezke nire lanak bai. Estudiokoa, plastikoagoa; kartelgintzan lan asko egiten dut, koadroak ere bai —batez ere enkarguz—. Kaleko lanak euskal kulturarekin daukan harreman hori ikusaraztea du helburu. Bartzelonan bizi naizen aldetik, egunerokoan ez daukat harremanik euskararekin edo euskal kulturarekin, baina euskarazko hitzak beti darabilzkit buruan. Euskarazko hitzak edo esaldiak idazten ditut askotan, euskara beste leku batzuetara zabaltzeko helburuarekin.
Zure bi mundu hauen isla dira argitaratutako bi liburuak modu batera edo bestera. ‘Amiltzearen lorratza’ Balu beste erregistro batean deskubritzeko liburu bat da?
Guztiz. Ni ez nator literaturaren mundutik, are gutxiago poesiarenetik, baina asko gustatzen zaizkit hitz jokoak, aforismoak edo esaldi motzak egitea. Liburu honetan, poesia luzeagoak eta esaldi motzagoak edo hitz-jokoak daude jasota. Orain dela 3 urte hasi nintzen idazten, eta berez liburu hau beste bat zen. Hasierako zirriborrotik pare bat poesia bakarrik mantendu ditut.
Itxura batean bi liburuak oso ezberdinak diruditen arren, konexio handia dute.
Amiltzearen lorratzerako esaldiak biltzen ari nintzela konturatu nintzen horietako asko kaleko lanetan erabiliak nituela; adibidez Bartzelonako metroko segurtasun kameretan. Ekintza eta lan horiek beste liburu batean jaso zitezkeela pentsatu nuen eta hortik sortu zen Gu da gure guda.
Izan ere, kalean egiten diren lanak efimeroak dira kasu askotan. Lan horiek jasota utzi nahi izan dituzu hortaz, liburu formatuan?
Euskal Herrian, Bartzelonan edo Berlinen egindako ekintza eta lanak daude jasota liburuan, argazkitan. Ekaitz Gerique argazkilari beasaindarrarenak dira argazki gehienak; bakan batzuk Madrilgo Paula Ruserenak. Argazkiez gain, esaldiak ere bilduta daude, kaligrafia guztia nirea da. Egiaz, bi liburuak auto-argitaratuak dira, ez dago argitaletxerik atzean.
«Munduko hiriburu ezberdinetan egindako ekintza eta lanekin beste liburu bat egin nahi dut; New Yorken, Berlinen, Amsterdamen, Londonen izan gara»
Hitzaurreak Jon Maiak eta Joseba Sarrionandiarenak dira. Nolatan?
Jon Maiari Kantu berri bat gara diskoaren azala eta barruko artelana egin nizkion. Geroztik harreman ona izan dugu eta Amiltzearen lorratza libururako hitzaurrea egiteko eskatu nionean gustu handiz onartu zuen. Joseba Sarrionandia Bartzelonan daukadan Canal arte galerian ezagutu nuen. Lagun batekin etorri zen, sorpresa ikaragarria izan zen. Zalantza asko egin nuen, baina denbora batera berekin harremanetan jarri nintzen hitzaurrea egitea eskatzeko. Nire harridurarako baietz esan zidan.
Zer moduz Ormaiztegiko aurkezpena?
Nahiz eta oso ume nintzela joan Beasainera, nire sentimendua beti Ormaiztegirenganakoa izan da. Familia eta lagun asko elkartu ziren. Urduri egon nintzen, liburu bat —kasu honetan bi— aurkezten nuen lehen aldia zen. Hurrengo aurkezpena Beasainen izango da, abenduaren 16an eta Durangoko azokan ere izango naiz.
Ba al daukazu beste proiekturik esku artean?
Munduko hiriburu ezberdinetan egindako ekintza eta lanekin beste liburu bat egin nahi dut; New Yorken, Berlinen, Amsterdamen, Londonen izan gara. Nire kontzeptu teoriko guztiak bilduko dituen liburu bat izango da. Proiektu honekin nire lana nazioartekotu nahi dut.
Nola definituko zenuke zure lana?
Esaldi motzetan esanahi asko biltzea gustatzen zait. Filosofiaren eta Artearen historiaren eragina ere handia da, baina definitzeko zaila da. Lan gehienetan artelanak eta tokiak duten erlazioarekin jolasten dut asko, zentzu poetiko hori pizteko.













