Santa Lutzi feria, asteburuan eta inoiz baino ekitaldi gehiagorekin
Zumarragan 224 postu jarriko dituzte eta Urretxun 125. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ganadua bakarrik egongo da.
Gaur goizean Santa Lutzi feriko egitaraua aurkeztu dute Urretxu eta Zumarragako alkateek. Asteburua dela eta, inoiz baino ekitaldi gehiago antolatu dituzte.
Zumarragan 224 postu jarriko dituzte eta Urretxun 125. Dermatosi nodular kutsakorra dela eta, Santa Lutzi eguneko ganadu feria arriskutan zegoen, baina debekua kendu egin dute eta Urdaneta hiribideko ganadu feria egingo da. Hori bai, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ganadua bakarrik egongo da. Areizaga-Kalebarreneko oilasko eta kapoi erakusketa eta lehiaketa, berriz, ezin izango da egin hegazti gripea dela eta. Aipatzekoa da ere musika eskola inguruan zaldiek desfile modukoa egingo dutela.
Zumarragako gainontzeko berrikuntzei dagokienez, txistulariek eta bandak bezperan egingo dute kalejira (pintxo-potearen orduan) eta egun berean flamenko eta trikitixa ikuskizuna egingo dute Zelai Arizti aretoan. Abenduaren 14an ere hainbat ekitaldi izango dira: Erremontari txapelketako finala, Hauspo bat bihotzari ikuskizuna eta Luzio Gabiriaren omenezko bertsolari jaialdia.
Urretxun ere kontzertu berezi bat antolatu dute: abenduaren 12an Uxue Kerejeta zumarragarrak eta Esanezinek kontzertua egingo dute Pagoeta gune soziokulturalean.
Bestalde, Iñaki Larrañaga urretxuarraren Oilar Beltzak taldeak Areizaga-Kalebarren plazan joko du Santa Lutzi egunean.
Horra hor egitarau osoa:













