San Nikolas txikiren erronda
Garazi Ferreira izan da aurten San Nikolas txiki gotzaina gorpuztu duena. Arratsaldean, ipuin kontaketa egingo du Iñaki Karreterok.
Abenduaren 6a, egun berezia izaten da Seguran: ehunka urteko tradizio handia duen San Nikolas eguna. San Nikolas txikia –aurten, Garazi Ferreira–, pottoka gainean dela eta hamarnaka haur ondoan dituela, erronda egiten dute Segurako kaleetan. Eta gaur, berritu dute tradizioa.
10:00etan puntuan, elizatik atera da eta Garazi Ferreira San Nikolas txikia, lagunek eta familiak lagunduta. Kale Nagusian zuen zain goiz osoan lagun izango zuen pottoka. Aitaren laguntzarekin pottoka gainera igo da urduri San Nikolas txikia. Dena den, Lehenengo uneko urduritasunak atzean utzita, berehala lagun egin dira pottoka eta San Nikolas. Lehenengo kantua egingo zuten etxeraino iristerako, bien arteko konfiantza nabaria zen.
Lepotik zintzilik duen gurutzea hartuta, San Nikolas! oihukatu eta kantuan hasi dira haurrak:
San Nikolas txikia,
gure ganbaran hazia.
Gure ganbaran zer dago,
harren gona gorria.
Bost eta sei bakailao jale,
bost eta sei hamaika.
Txorixorik ez baldin bada,
berdin dala lukainka. (bis)
Jarraian etorri da gozoki zaparrada, etxeetako balkoietatik botata. LH6ra bitarteko haurrek soilik zuten aurten parte hartzeko aukera.
San Nikolas txikiri, eskura eman diete goxoki pakete bana eta pottokaren gainean jarritako manta berezi baten poltsikoan gorde ditu denak.
Arratsaldean, ipuin kontaketa
Eguna osatzeko, arratsaldean, 17:00etean, Iñaki Karreterok Kax, Kax, Kax ipuina kontatuko du 18:00etan, Botikaxarrean.
- San Nikolas txiki eguna ospatu dute gaur Seguran.






















