Ikuskizuna garaile Olaberriko txapelketan
Inoiz baino ikusle gehiago elkartu dituzte XI. Elite txapelketako lau pala finalek. Partiden aurretik Arrieta jatetxeko Mariaje Bastidari aitortza egin diote.
Olaberriko XI. Elite Pala txapelketaren finalistak eta antolatzaileak, taldeko argazkian.Hitza Aurtengo txapelketak emandakoarekin «gustura» eta jendearen esker onarekin eta izandako sentsazioekin «arrakasta» hitza aipatzeraino bukatu dute Olaberriko XI. Elite Pala Txapelketaren antolatzaileek. Urteetan egindako lanaren ordaina jasotzen ari dira: «Kirol ikuspegitik goi mailako partidak ikusi ditugu, eta pilotariak oso gustura aritu dira. Ikusle aldetik, inoiz baino jende gehiago etorri da, eta jendeak gozatu duela esan digu», nabarmendu du Gari Arrietak. Inguruotako bost pala txapelketa onenen artean dago Olaberrikoa. Iruñean, Gasteizen, Gijonen eta Segovian antolatzen dituzte honen pareko txapelketak.
Aitortza finalen aurretik
Larunbateko finalerdien ondoren, igande arratsaldean jokatu ziren lau finalak, lehen hirurak paleta larruz eta azkena pala motzean. Jaialdiaren aurretik, aurtengo urrian itxi duten Olaberriko Arrieta jatetxeko Mariaje Bastidari aitortza egin diote. «Urteotan guztiotan ez dugu halakorik egin, baina Mariajek horrenbeste merezi zuen. Hasiera-hasieratik izan dugu laguntzaile».

Urriaren azkenean itxi duten Olaberriko Arrieta jatetxeko Mariaje Bastidari aitortza egin diote finalen atarian.Hitza
Harrobia eta goi maila uztartzen dituen txapelketa dela gogoratu du Arrietak. Kadete mailan, esaterako, Ekai Andonegi lazkaotarra eta Josu Soberon olaberritarra aurrez aurre, eta etxekoarentzat txapela. Paleta larruz, seniorretan, Frantziara joan dira txapelak, eta pala motzean Fusto eta Skufca argentinarrak izan dira berriz ere txapeldun.
Pilotarik ere gustura
Aurreko kudeaketa lanaz gain, asteburu bete lan izaten dute antolatzaileek. Bai larunbatean bai atzo Arkupe elkartean afaria egin dute, eta kanpoko pilotariek Zezilioenean hartu dute ostatu. «Pilotariak ere oso gustura gelditu dira. Txapelaz eta garaikurraz gain, bertako ekoizleen produktu saski bat jasotzen dute, eta dieta bat ere bai».
Ikusleen eta kirolarien aldetik esker hitzak jaso ondoren, hurrengoa antolatzeko «indarrak hartuta» daudela adierazi du olaberritarrak.
SAILKAPENAK
Infantil-kimuak. Paleta larruz
- S. Etxeberria-U. Vallejo 22
- T. Aguado-S. Diaz 25
Kadeteak. Paleta larruz
- E. Andonegi- M. Escalada 34
- J. Soberon- Q. Ducamp 35
Seniorrak. Paleta larruz
- Y. Gavillet- B. Chatellier 35
- M. Iribarren-I. Perez 16
Seniorrak. Pala motzean
- P. Fusto-E. Skufca 40
- B. Ibarguren-X. Ibargarai 26













