’Txillarreko sukaldaria’ liburuaren eta dokumentalaren aurkezpena Arerian
Pello Rubio Elgoibarko nekazari agroekologikoari egindako elkarrizketan oinarritu dute liburua egileek, bai eta dokumentala ere.
Edurne San Martin, Pello Rubio eta Asier Ibaibarriaga, liburuaren aurkezpenean. Hitza Asier Ibaibarriagak eta Edurne San Martinek idatzitako Txillarreko sukaldaria liburua eta haren jiran sortutako izen bereko ikus-entzunezkoa aurkeztuko dute bihar Areria aretoan, 18:45ean. Lazkaoko Euskal Liburu eta Disko azokaren egitarauaren lehen ekintza da. Saioa doan da.
Pello Rubio Elgoibarko nekazari agroekologikoari egindako elkarrizketan oinarritu dute liburua bi egileek, bai eta dokumentala ere. 2005-2006ko bake prozesura iristeko, bere etxean, Elgoibarko Txillarre baserrian, egin zituzten otordu-bileren berri ematen du Rubiok proiektu honetan. 1999. urtean hasi zituzten bilerak Txillarren.
Otegi eta Egea lehenak
Enpresa mundutik eta militantziatik ezagutzen zituen bi lagun elkartu zituen Rubiok bere etxean, Paco Egea eta Arnaldo Otegi, politikoki elkarrengandik urrun zeuden bi mundutakoak, alderdi sozialistakoa bata eta ezker abertzalekoa bestea. Paco Egearen eskutik iritsi zen Jesus Egiguren Txillarrera, eta iritsiko ziren gero beste batzuk ere, alderdi batekoak zein bestekoak. Eta han, bortizkera-egoeratik bake girora egiteko egin ziren bileren berri ematen du Rubiok, bai liburuan eta baita dokumentalean ere.
Liburuak 116 orrialde ditu, eta 13,50 euroan du salgai Elkar argitaletxeak. Ikus-entzunezkoa ere bi egileek ondu dute, eta ordubete inguru irauten du.













