Euskal Liburu eta Disko Azokak Goierrin, ostiraletik igandera
Lazkaon, pilotalekuan, 16:30ean zabalduko dute; Ataunen, Herri Antzokian, 18:00etan; eta Seguran, Botikaxaharren, 18:30ean. Diskoak, liburuak, jolasak edota aldizkariak erosteko aukera zabala eskainiko dute.
Eluska Gerriko (Segura), Nagore Bikuña (Ataun) eta Joxepa Madariaga (Lazkao), azokak aurkezteko prentsaurrekoan.Laida Goiburu Ostiralean irekiko dituzte Goierriko Euskal Liburu eta Disko Azokak, Ataunen, Lazkaon eta Seguran. Ostirala, larunbata… eta igandea izango dute azken eguna. Gaur goizean eman dute azoken berri Ataungo udaletxean Joxepa Madariaga Lazkaoko, Nagore Bikuña Ataungo eta Eluska Gerriko Segurako azoketako arduradunek. Lazkaon, gaur, bihar eta etzi azoka girotzen hasteko ekitaldiak izango dira.
Lazkaokoa 36. aldiz egingo dute, plazako pilotalekuan, Gerrikok udalaren laguntzarekin antolatuta. Azokak janzten gaitu! da leloa. Madariagak gogora ekarri du duela ia lau hamarkada bi mahai egokitu zituztela plazako pilotalekuan lehenengo aldiz azoka antolatu zuten urte hartan, eta balioa eman dio urtez urte lan egin izanaren ondorioz gaur eguneraino iritsi izanari.
Azoka ireki aurretik, gaur, 18:45ean Arerian, Txillarreko sukaldaria dokumentala eta solasaldia izango dira. Bihar, berriz, Hitz&Musik zikloaren barruan, Lide Hernando gonbidatuko dute elkarrizketara Gerriko txokoan, 18:30ean. Eta ostegunean, Amaia Telleriak Kankailu kontakatilu liburua aurkeztuko du Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikasleentzat, udal liburutegian, 14:30etik 16:00etara, txandaka.
Segurakoak, aldiz, 19. aldia izango du. Elorri kultur elkartea, Hitz edo Irri euskara elkartea, Haitz Lehor guraso elkartea eta Gazte taldea dira antolatzaileak, udalaren eta Segura Irratiaren laguntzarekin. Gerrikoren esanetan, “eragileen artean elkarlanean antolatzen den azoka leku goxo” batean izango da; Botikaxaharrean, alegia. “Nobedadeak eta betiko historikoak” izango dira aukeran: “Katxiporretako materiala, Pamelak ere hornituko gaitu, Elkarretik ere etorriko da, Iparra Hegoako materiala eskatzeko aukera izango da, Jakoba Errekondoren materiala ere bai, eta zenbait disko ere, jolasak, ipuinak, aldizkariak… Eta euskaraz. Beraz, denak gonbidatuta zaudete”.
Eta Ataungoa, aldiz, 20.a izango da. Herri Antzokian egokituko dute, eta Lazkaon eta Ataunen bezala, emanaldiak eta zenbait idazleren aurkezpenak ere izango dira.
Doinuele azoken sarea
Madariagak Doinuele ekimenaren berri ere eman du. Euskara hutsezko plazen sarea da Doinuele, Euskal Herri mailako azokak elkartzen dituena: “Ia urteko hilabete guztietan bada azokaren bat. Elkartuta gaude eta horrek ere zabalkundea ematen digu. Lan interesgarria egiten ari gara Doinuelen; doinua-musika eta ele-liburuak, filtro bakarra euskara dela”.
(H)ilbeltza Baztanen urtarrilean, Geure Gelatik Azkoitian martxoan, Sormene Galdakaon apirilean, Literaturia Zarautzen maiatzean, Ziburuko azoka ekainean, (H)azoka Hernanin irailean, Ikusi Mikusi Saran urrian, Hitzen Lihoa Oiartzunen azaroan, eta Goierrikoekin amaituko da Doinueleren urteko jarduna.
Enkarguak egiteko aukera
Eskaeren aukerak aurten ere funtzionatuko du hiru herrietan. “Jendeak zer nahi duen asmatzea zaila da, orduan enkarguak hartzen ditugu, eta Olentzero eta Mari Domingi etortzerako prest izaten saiatzen gara”.
Egitarauak herriz herri
ATAUN
Abenduak 12, ostirala:
- 18:00. Azokaren irekiera.
- 18:30. Iñaki Dorronsoro Maiozek Azpijokoa Azpiazun liburua aurkeztuko du.
- Ondoren. Negu Hurbilak taldearen kontzertua.
Abenduak 13, larunbata:
- 11:00. Azokaren irekiera. Aiora Jauregik Izanenga proiektua aurkeztuko du.
- 12:00. Ahoztar Zelaietak El Padralismo. El ocaso de los JoBuBi aurkeztuko du.
- 14:00. Azokaren itxiera.
Abenduak 14, igandea:
- 11:00. Azokaren irekiera. Arantxa Urretabizkaiak Zahartzaroaren maparen bila aurkeztuko du.
- 14:00. Azokaren itxiera.
LAZKAO
Abenduak 12, ostirala (16:30-20:00):
- 16:30. Azokaren irekiera.
- 18:45etik aurrera. Edurne Urrestarazuk eta Irati Peluagak Mendia eta ni aurkeztuko dute, Xabier Berasaluze Leturiak Koplarik Kopla, eta Joseba Tapiak Mister Eleizegi CDa.
Abenduak 13, larunbata (10:00-14:00):
- 10:00. Azokaren irekiera.
- 13:00. Aurkezpenak: Iñaki Dorronsorok Azpijokoa Azpiazun, Aiora Jauregik Izanenga proiektua, eta Ion Fontenlak Ataungo barrunbeak.
Abenduak 14, igandea (10:00-14:00):
- 11:00. Azokaren irekiera.
- 12:15. Azoka sortzaileei esker ona adierazteko ekitaldia.
- 12:30. Lazkaoko Bandaren Gabonetako kontzertua.
- Ondoren. Errifaren zozketa.
SEGURA
Abenduak 12, ostirala:
- 18:30. Azokaren irekiera. Herriko egutegiaren aurkezpena eta argazki lehiaketako sari banaketa, Azpilla Dantza Taldearen saskiaren zozketa eta herriko koruaren emanaldia.
Abenduak 13, larunbata:
- 11:00-14:30/17:00-20:30. Liburu eta material salmenta goiz eta arratsaldez.
Abenduak 14, igandea:
- 11:00-14:00. Liburu eta material salmenta.












