Ezkion egingo da Igartubeitiren hurrengo egoitza artistikoa
Egoitza artistiko berri baterako deialdia zabaldu berri du. Proposamenak urtarrilaren 21era arte aurkez daitezke. Egoitza artistikoa Ezkion bertan egingo da martxoaren 2tik 29ra bitartean.
Igartubeiti baserri museoak Patrim 4.0 Kultura ondarearen berrikuntza eta kudeaketa sortzailerako Pirinioetako sarearen esparruan garatuko den egoitza artistiko baterako deialdia zabaldu berri du. Egoitza Ezkion bertan garatuko da 2026ko martxoaren 2tik 29ra bitartean. Ondarea, lurraldea eta belaunaldien arteko transmisioa aztertu eta sakontzea izango ditu xede proiektuak. Interesatuek 2026ko urtarrilaren 21era arteko epea dute, proposamenak aurkezteko.
Ezkioko biztanle kopuruak behera egin du azken urteetan, eta horrek «belaunaldien arteko lotura hautsi» duela diote egoitzaren antolatzaileek. Biztanleriaren zati handi bat adinekoa da eta horrek, «eragin nabarmena du herritarren bizimoduan, beharretan, dinamiketan eta etorkizuneko erronketan». Horregatik, deialdia belaunaldien arteko lotura sendotzen duen proiektu artistikoetara zabalduta dago. Landa eremuko kontakizun eta praktikak ere berrinterpretatu beharko ditu eta artistaren eta Ezkioko lurraldearen arteko elkarrizketa ere sustatu beharko ditu.
Museoa eta eskola
Egoitza artistikoak Igartubeiti baserri museoarekin harreman zuzena izango du, «Ezkioko udalerriaren gizarte, kultura eta hezkuntza kohesioan paper garrantzitsua» betetzen duen heinean. Bere aldetik, Ezkioko eskolak ere «berebiziko garrantzia» izango du deialdi honetan. Eskolak bere hezkuntza funtzioa betetzeaz gain, eguneroko bizitzan «auzotasuna modu naturalean lotzen duten proiektuak lantzen eta bultzatzen» laguntzen duelako.
Ikusizko artea, ikus-entzunezkoa, instalazioa, Lan Art, argazkigintza, soinua, antropologia, ikerketa, eskultura do performanceari lotutako proposamenak aurkeztu ahal izango dira, «artearen eta lurraldearen arteko elkarrizketarekin eta paisaiaren eraldaketarekin lotutako beste lan ildo batzuen artean».
Diziplinak eta eskakizunak
Dokumentazioa formatu digitalean soilik bidali daiteke, Igartubeitiren web gunean eskuragarri dagoen galdetegia beteta. Gainera, proiektuaren deskribapena, curriculum vitae laburtua, kronograma eta erabiliko diren materialen zerrenda eta ekoizpen aurrekontura egokitutako gastu aurreikuspena ere adierazi beharko dira, besteren artean. Proposamenak urtarrilaren 21eko 17:00ak baino lehen bidali behar dira; batzordea urtarrilaren 28an bilduko da eta ebazpena otsailaren 2an jakinaraziko da.
Epaimahaia Ezkioko Udaleko, Ezkio-Itsasoko eskolako, herriko kultur sektoreko, Communauté de Communes Neste Barousse —Goi Pirinioetako herrien departamentuak— eta Igartubeitiko ordezkariek osatuko dute. Epaimahaiak proposamenen kalitate artistikoa, testuinguruarekiko egokitasuna, bideragarritasuna, izaera berritzailea, komunitatearekiko elkarreragina eta artistaren ibilbidea baloratuko ditu.












