Lehen Kilometroak Barandiaranen alboan
Gipuzkoako ikastolen jaiaren irudi ikonikoetako bat bihurtu da 1977ko urriaren 16ko hura. Joxe Migel Barandiaran antropologo ataundarrak ireki zuen ibilbidea. Haren ondoan joan zen Ainhoa Gurrutxaga neskato lazkaotarra.
Ainhoa Gurrutxaga lazkaotarra, 1977ko lehen Kilometroetako argazkia eskuetan duela, lekuan bertan. Aimar Maiz Datorren urtean 50. aldiz ospatuko da Kilometroak festa, hasi zen leku berean, Lazkaon. 1977ko estreinako ekitaldia Beasainen eta Lazkaoren artean antolatu zuten, eskualderako bigarren hezkuntzako lizeoa eraikitzeko beharrari laguntzeko. Gonbidatu ilustre bat izan zen orduan, Joxe Migel Barandiaran antropologo ataundarra. Euskararen eta ikastolen alde posizionatu zen publikoki, eta berak ireki zuen aurreneko Kilometroak, zirkuituan martxaren buru jarrita, sotana eta txapel beltzekin.
Kilometroen historiak utzitako milaka pasarteren artean, momentu historiko hartako oroitzapen bizi-bizia dauka Ainhoa Gurrutxaga lazkaotarrak. 9 urte zituen lehen Kilometro haietan, eta 88 betetzera zihoan Barandiaranen alboan osatu zuen ibilbidea, aldamenetik kendu ere egin gabe. Izan ere, familiarteko egiten ziren, eta antropologoaren inguruan senitarteko ugari joan ziren, lagun egiten. Gazteenak, Ainhoa eta urtebete zaharragoa den Jaione Barandiaran lehengusua.
«Amaren aldetik gara Don Jose Migelen familia. Nire aitonaren osaba zen. Denak gertu bizi ziren, eta beti erlazio handia eduki dugu. Umetan, igande arratsaldeetan kafea hartzera Sara etxera joaten ginen», gogoratu du Ainhoa Gurrutxagak. Osaba Imanol Auzmendi zuten Barandiaranekiko beste lotura bat. Txofer egiten zion, kanpoan ekitaldiak edo konpromisoak zeuzkanean. «Ezkongabea zen osaba Imanol, eta gu bere seme-alabak bezala ginen. Orduan, joaten zen leku guztietara eramaten gintuen. Leku batzuetara, iloba zaharragoak; beste batzuetara, gazteagoak». Hala, 1977ko urriaren 16 hartan gazteagoei tokatu zitzaien.
Adintsua, baina sasoiko
Egun hartako argazki askotan agertzen da Gurrutxaga, beti Barandiaranen ondoan edo gertuan. Lotsatu egiten da gaur egun, orain ez litzatekeela aurre-aurrean joango dio. Baina, 9 urterekin, eta Ataungo osoa Joxe Migelekin zuten konfiantza tarteko, natural ibili zen. «Familian joan ginen. Baina konturatzen nintzen ospetsu batekin nindoala. Irratikoak, kamerak, kazetariak, jende asko hurbildu zitzaion Barandiarani. Norabait ailegatu, eta gu pasatzerakoan zain zegoen jendea bi aldeetara txaloka… Euskaltzaindiko norbait etortzen zitzaion tarteka, edo magnetofoi txiki batekin grabatzen zioten, pausoa eten gabe berarekin metro batzuk ibilita. Ez zuen utzi bat ere erantzun gabe. Guretzat, pentsa, hori guztia eta jende pilo hura ikustea handia izan zen», gehitu du Gurrutxagak.
«Familian joan ginen. Baina konturatzen nintzen ospetsu batekin nindoala. Irratikoak, kamerak, kazetariak, jende asko hurbildu zitzaion Barandiarani»
Ainhoa Gurrutxaga
Beasainen, abere hiltegiaren inguruan zeukaten hasiera eta bukaera lehen Kilometroek. Jose Joaquin Lasak moztu zuen zinta. Eta Barandiaran aurretik hartuta, institutu aldetik Gaztinaundira, eta Lazkaora joan zen ibilbidea, 6 bat kilometrokoa. Buruko taldean ikusten dira Martin Auzmendi beste osaba bat, Andoni Soraluze elektrikaria, Gartziandia, Sasianbarrena… denak ataundarraren ondoan edo atzetik. Lazkaoko plazan ekitaldiak egin ziren, baita Senperen ere, Pingon-Comevasa lantegiaren pareko zelaian, orain Ibabe industrialdeak hartutakoan. Eguraldi ona egin zuen, jendea mauka motzetan ikusten da argazkietan.
Eta jendetza bildu zen. Gurrutxagak ez du Lazkaotik aurrerako oroitzapenik. Agian, bazkaltzeko garairako bukatuko zuen Barandiaranek bere presentzia. 88 urtera zihoan, baina ibilian bizkorra zela gogoratzen du Gurrutxagak. «Oso sasoitsu zegoen. Nekatu gabe, gelditu beharrik gabe ibili zen, denekin hizketan. Aise ibiltzen zen, oso arina zen». Gero ere, Kilometroetara joaten eta euskararen aldeko mugimenduekin bat egiten jarraitu zuen Barandiaranek; eta harekin batera, familiako gertukoek, Joxe Mari Galparsoro auzoko ilobak eta biloba txikiek. Baina lehenengoa, betiko izango da lehenengoa.

Joxe Migel Barandiaran ataundarra, 1977ko Kilometroak jaian, gaur egun Lazkaoko ikastola dagoen inguruan, oinez.Goierriko Hitza












