Mikel Imaz urretxuarrak Urola haranari buruzko bidaia liburua argitaratu du
Urola ibaiaren ibilbidea egin zuen hiru egunetan. Liburua Zumarragako Made in Urola azokan salduko du.
Mikel Imaz urretxuarrak Urola. Camino de hierro y agua liburua argitaratu du. Urola ibaiari eta trenari eta beraien inguruko tokiei eta pertsonaiei buruzko liburua da. Idazteko, ibaiaren ibilbide osoa egin zuen, hiru egunetan. Horretaz gain, dokumentazio lan zorrotza egin du. Liburua Made in Urola azokan salduko du: abenduaren 21ean eta urtarrilaren 4an, 10:00etatik 15:00etara, Zumarragako plazan. Aurkezpenak egiteko asmoa ere badu, Urolaren haraneko herri guztietan.
Imazek Fisika ikasi zuen eta hainbat alorretan lan egin du. «Automatizazio industrialaren munduan lan egin izan dut. Kanpoan bizi izan naiz: Bartzelonan eta Austria eta Alemania aldean. Automatizazio industriala utzi nuen eta egun softwareak programatzen lan egiten dut eta adimen artifizialaren munduan sartzeko ahalegina egiten ari naiz. Datuen zientzia eta adimen artifizialaren mundua asko gustatzen zaizkit».
Literatura ere asko gustatzen zaio. «Literatura oso gauza garrantzitsua izan da nire bizitzan, bizitzari buruzko gauzak ikasteko balio izan baitit. Espresatzeko nuen beharra asetzeko eta sormena lantzeko ere bai. Nire burua teknikotzat dut, zorrotza naiz, baina sormena lantzea ere gustatzen zait. Eta idazteko bi gauza horiek behar dira: batetik, irten eta esatekoak bilatzea, eta bestetik, zorroztasuna gauzak ondo egiteko».
Gaztetatik zerbait idazteko ametsa zuen eta dagoeneko bi liburu idatzi ditu: Donejakue bideari buruzkoa eta Urola haranari buruzkoa. «Biak bidaien ingurukoak dira, baina asko landutakoak. Ez da pasa zaizkidan gauzak botatzea eta listo. Lana dago atzean. Liburuak bere arauak ditu. Zer eta nola kontatu».
Urola haranari buruzko liburua idazteko erabakia pandemian hartu zuen. «Urolako trenaren Zumarragako geltokiaren parean bizi ginen. Trenaren inauguraziora Alfonso XIII.a Espainiako erregea eta Primo de Rivera diktadorea etorri ziren. Geltoki horretan egon ziren. Nola dagoen hau… pentsatzen nuen: utzita, ahaztuta, erortzen… Nire aita ere geltokien auzoan jaio zen, Orbegozon lan egin zuen eta trenbideak asko gustatzen zitzaizkion. Istorioak kontatzen zizkidan. Garai batean geltokietako auzoan gauza asko zeuden, oso auzo bizia zen… eta auzo bat gehiago bihurtu da. Hala, pandemian, horren guztiaren inguruko liburua idatzi nezakeela ikusi nuen. Izan ere, ordurako bidaia liburu asko nituen irakurrita».
Haran aberatsa
Lauzpabost urte eman ditu liburua prestatzen. «Sekulako ilusioa egiten dit liburu hau idatzi izanak, hutsune bat zegoela iruditzen baitzait: ez zegoen horrelakorik. Gainera, nire ustez Urola bailarak xarma berezia du. Sekulako aberastasuna du: Norteko trenbidea, burdinaren inguruko industria, Azkoitiaren harremana Ilustrazioarekin, Loiola, bainuetxeak, Ekain… eta Zumaian amaitzen da! Nire ustez, Zumaia Gipuzkoako herri interesgarriena da pentsatzeko ematen duenagatik. Geologikoki, adibidez. Guzti hori liburu batean nahastu al daiteke? Hau da emaitza».
2020ko abuztuan, hiru egunetan, Urola ibaiaren ibilbidea egin zuen. «Liburuan bidaian gertatuko hainbat gauza kontatu ditut. Abentura txiki bat izan zen, etxe ondoan. Ingalaterran mikroabentura deitzen diote: etxetik irten eta mendian lo egitea, adibidez. Oinez irteten zarenean, gauzak gertatzen dira. Baina horrekin bakarrik ezin duzu liburu bat egin. Geruza gehiago behar dira: oroitzapenak, entsegua eta poetika. Poetikak kohesioa ematen dio. Bestela, anekdota sorta batean gelditzen da».
«Abentura txiki bat izan zen, etxe ondoan: Ingalaterran mikroabentura deitzen diote»
«Rousseau Azkoitira bizitzera etortzeko zorian izan zen… Mundu osoan ezaguna den filosofoa!»
Mikel Imaz. Liburuaren egilea
Kohesio hori lortu izana espero du. «Arlo dokumentala eta literarioa bereizten ditut. Literaturari dagokionez, beharbada ez dut ezer esatea lortu. Baina arlo dokumentalak balioko du behintzat. Orbegozo, Patricio… Beraiei buruz dagoena irakurri dut eta hiruzpalau orritan laburtu dut».
Hainbat erreferente izan ditu: Maria Belmonte-ren Los senderos del mar, Julio Llamazares-en El rio del olvido, Robert MacFarlane-ren The wild places eta The old ways, Sue Hubbell-en A country year: living the questions eta Annie Dillard-en Pilgrim at tinker creek. «Nik ez dut beraien talentua, baina nik ere inguruan ditugun gauza eder eta harrigarriez idatzi dut: Urolako geltokian ikusi ditzakegun sorbeltzek airean lo egiten dute 2.000 metrotara, Urola ibaian ikusi ditzakegun aingiren istorioa sekulakoa da, Oazurtzako tunela, burdinaren industria, Rousseau Azkoitira bizitzera etortzeko zorian izan zen… Rousseau! Mundu osoan ezaguna den filosofoa! Ezerk txunditzen ez gaituen garai batean bizi gara, baina gure bailarak sekulako aberastasuna duela transmititu nahi izan dut».
Argazkiak
Imazek dena eman du egitasmo honetan. Dokumentazio lan zorrotza egiteaz gain, argazkiak berak atera ditu. Horretarako, Legazpiko Ikatza argazkilari elkartean ikastaroa egin zuen eta argazki kamera erosi zuen. «Jendeak liburua irakurtzea nahiko nuke. Beharbada, jendeari liburua irakurri eta gauza horiek ikusteko gogoa piztuko zaio. Gida bezala balio dezake, turismorako ere bai… auskalo! Gipuzkoako gainontzeko bailaretan ez dago horrelakorik. Bidasoan bakarrik. Urolak ere behar zuen horrelako liburu bat».












