Sexu eta genero aniztasunari buruzko hitzaldia
LGTB+ bandera Idiazabalgo udaletxeko balkoian. Idiazabalgo Udala Sexu askapenaren diskurtsoa herri mailan zabaldu eta komunitateak indartzeko helburuarekin sexilioari buruzko hitzaldi-saioa antolatu du LGTB+ kolektiboak Idiazabalen; hain zuzen, «urteetan sexu eta genero aniztasunak hirietan sortu duen hausnarketa eta praktikak herrietan egitea ere falta delako», adierazi dute antolatzaileek.
Herri txikietan bizi diren LGTB+ komunitateko hainbat kidek alde egin behar izaten dute jaioterritik; besteak beste erreferente faltak eta kolektiboko kideen sarerik ez izateak bultzatzen ditu sorterria uztera. Horri deitu diote sexilioa. “Herrietan sumatzen den hutsunea, hain zuzen, hirietan LGTB+ pertsonok orain arte egin dugun lanketa guztia da”, diote.
Saioa Garazi Beramendik gidatuko du, gaur, 17:00etan udaletxean.












