Beasain Palestinarekin Herri Ekimenak mobilizazioa indartzera deitu du
Palestinan bizitzen ari diren egoerarekin kezka erakutsi dute. Amaia Elorza Arregik hitzaldia egingo du abenduaren 17an. Abenduaren 28rako manifestazioa deitu dute.
Beasain Palestinarekin Herri Ekimeneko kideak, atzoko agerraldian.Ariane Vierbücher Beasain Palestinarekin Herri Ekimeneko kideek prentsaurrekoa egin dute, palestinar herria bizitzen ari den egoera «larriaz eta jasanezinaz» ohartarazteko eta gaiari ikusgarritasuna emateko eta herritar guztiei mobilizatzera deitzeko. Urriaren amaieraz geroztik, astelehenero elkarretaratze sortzaileak egiten ari dira Zubimusu plazan, 19:00etatik 19:15era, eta dei horiek berritu eta indartu egin dituzte prentsaurrekoarekin.
Ekimeneko kideek gogorarazi dute azken asteotan komunikabideetan «etenik gabeko su-eten itxurako» akordio baten berri eman bada ere, Palestinako errealitatea ez dela aldatu. «Baketik kea baino ez dakar sasi-akordioak. Egoerak okerrera egin du, eta gure ahotsa eta elkartasuna inoiz baino beharrezkoagoak dira», azaldu dute. Haien esanetan, datuek argi erakusten dute egoeraren larria: 70.000 palestinar baino gehiago hil dituzte, eta horien artean 20.000 haur baino gehiago; zuritu, lekuz aldatu eta hondatutako lurraldea «eguneroko ogia» bihurtu da jada.
Horregatik, mezua argia izan da: elkartasuna ez da eten behar, eta herritar guztiei luzatu diete astelehenero antolatzen diren elkarretaratzeetara gerturatzeko gonbidapena. «Guztiok parte har dezakegu: testu txiki bat irakurri, sortutako mezuren bat partekatu… Garrantzitsuena presentzia da, eta ozen adieraztea injustizia honen aurrean ez gaudela isilik», nabarmendu dute.
‘Palestina, gure mina’
Elkartasun dinamikaren barruan, Beasain Palestinarekin Herri Ekimenak hitzaldi berezia antolatu du, abenduaren 17an, datorren asteazkenean, 18:30ean, Beasaingo udaletxeko batzar areto nagusian. Amaia Elorza Arregi beasaindarra izango da hizlaria, Palestina, gure mina izenburupean.
Beasaindarra da Elorza, abokatua, ikertzailea eta doktoregoa egiten ari da. Bere ibilbide akademiko eta profesionala Ekialde Ertaineko gatazkak, indarkeria politikoa eta mugimendu sozialak aztertzen oinarritu da. Palestinarekin duen lotura, baina, ez da soilik teorikoa. 2012 eta 2018 urteen artean Palestinan bizi izan zen. Badil erakunde palestinarrean ikertzaile lanetan aritu zen; Aida errefuxiatu eremuan bizi izan zen; eta bertako gazte eta elkarteekin, bereziki Lajee Zentroarekin, harreman estua garatu zuen.
Sei urteko egonaldian, Israelek lurralde okupatuan aplikatzen dituen politikak dokumentatu zituen, eta nazioarteko erakunde askorentzat erreportajeak eta txostenak idatzi zituen. Horrez gain, lurraldera iristen ziren brigada eta delegazioetan gida lanak egin zituen, bertako egunerokotasuna eta erresistentzia moduak gertutik ezagutaraziz.
2019an AEBetara joan zen masterra egitera, baina Palestinarekiko lotura ez du sekula eten: maiz itzultzen da bertara, eta bere doktorego ikerketan gaur egun elkartasun mugimenduek Palestinako egoeran izan dezaketen eragina aztertzen ari da.
«Elorzak bertatik bertara bizi izan du errealitatea, eta guretzat pribilegio handia da bere testigantza zuzenean entzuteko aukera izatea», nabarmendu dute antolatzaileek.
A28, kalera
Elkartasun dinamikaren beste une garrantzitsu bat izango da abenduaren 28an, igandean, 12:00etan, Zubimusu plazatik abiatuko den manifestazioa. Antolatzaileek Beasaingo herritarrei ez ezik, herrikide guztiei eta lagunei dei egin diete mobilizazioan parte har dezaten. «Nahi dugu kalearen indarrak erakustea herri honen jarrera argia dela: genozidioaren aurrean ez gaudela beste alde batera begira», adierazi dute ekimeneko kideek.
Horregatik, manifestazioa «jendetsua, ikusgarria eta parte hartzailea» izan dadin ahalegintzera animatu dituzte beasaindarrak; gaur egungo egoerak herriaren konpromisoa behar duela nabarmendu dute. «Ez da distantziako gatazka bat; pertsona errealak dira, gurekin harremana duten komunitateak, injustizia honen pisua egunero jasaten dutenak», azpimarratu dute.
Amaitzeko, herritarrei luzatutako mezua argia izan da: «Palestinak sekula baino gehiago behar gaitu; Beasainek ere badu bere ahotsa, eta garaia da entzunarazteko».













