CAFek kontratu berri bat lortu du Frantzian
22 tren erregional hornituko ditu. 250 milioi euroko kontratua da.
CAF enpresak beste urrats sendo bat eman du Frantziako tren merkatuan, 250 milioi euro inguruko kontratua lortu baitu Region Sud eskualderako 22 Regiolis tren erregional hornitzeko. SNCF Voyageurs operadoreak egingo du eskaera, eta hala, CAF–Alstom kontsortzioaren aldeko konfiantza berresten du. Eskaera hau, eskualdeak aurrez erositako 17 unitateei gehituko zaio eta, horrela, gaur egun Marsella-Aubagne-Toulon-Hyeres nahiz Marsella-Toulon-Les Arcs Draguignan lineetan dabiltzan trenak pixkanaka ordezkatuko dituzte.
Unitate hauek, CAFek Alsazian duen Reichshoffeneko lantegian diseinatuko eta fabrikatuko dira, eta Alstom izango da zenbait ekipamenduren hornitzailea. Regiolis trenak sei bagoiz osatutako tren elektrikoak izango dira, 310 bidaiarirentzako lekua dutenak. Erosotasuna hobetzeko, leiho zabalak, eta zeharkako LED argiztapena izango dituzte, baita entxufeak eta mugikortasun urriko pertsonentzako gune bereziak ere. Horrez gain, trenek TSI 2023 araudia beteko dute, ke eta su emisioen inguruko eskakizun zorrotzagoak barne hartzen dituen arau berritua.
Kontratu honekin, CAFek Frantzian duen presentzia indartuko du. 2019tik, enpresa eragile nagusietako bat bihurtu da Frantziako tren-industrian, bai emaitza komertzialengatik, bai konpromiso industrialarengatik. Herrialdean dituen bi plantak —Bagneres de Bigorren eta Reichshoffen— eginkizun espezifikoak dituzte, eta CAFen katalogoko produktu zabalari erantzuten diote: Intercites tren luzeak, RER unitateak, tranbiak, metroak eta emisiorik gabeko autobusak. Horrek guztiak, datozen urteetarako merkatu estrategiko nagusietako bat bihurtzen du Frantzia CAF enpresarentzako.
Gaur gaurkoz, CAF lanean ari da Frantziako tren-sare garrantzitsuenetan; Pariseko RER B lineako unitate berrietan, Paris-Clermont, Paris-Toulouse eta Bordele-Marsella lineetarako Intercites trenen horniduran, eta Montpellier, Marsella, Tours eta Grenoble hirietarako tranbien proiektuetan, besteak beste. Eskaera berri honek, beraz, CAFen jarduera industrialaren jarraikortasuna eta hazkundea bermatzen du Frantzian, eta tokiko eta estatuko garraio publikoaren garapenerako bazkide sendo gisa berresten du.













