Gabonen magia Urbiberrin
Gizarte Zentroak tradizioz, musikaz eta elkartasunez betetako egitaraua prestatu du abenduaren 21etik 31ra, komunitatea batzeko.
Urberriko erabiltzaileak xakean jokatzen, arratsalde pasa.Ariane Vierbücher Urte amaiera eta Gabonak ate joka datoz, eta Beasaingo agendan bada hitzordu garrantzitsu bat: Urbiberri Gizarte Zentroak antolatzen dituen Gabonetako ekintzak. Zentroaren bihotza den komunitateak berriz ere elkartuko ditu bazkideak eta lagunak, giro beroa, ohiturak eta auzokideen arteko harremanak uztartzen dituen egitarau zabal baten inguruan.
Gabonek badute zerbait berezia: urtea pasa ahala, berriz ere toki berera garamatzate; kantura, dantzara, baina batez ere elkarrekin egoteko beharrizan horretara. Urbiberriren jardunak hori bera indartzea du helburu, eta aurten ere, bide horretan lagunduko duen egitaraua prest dute, abenduaren 21etik 31ra bitartean.
Ekitaldiak abenduaren 21ean, Santo Tomas egunean hasiko dira, arratsaldeko 17:30ean egingo den txistorra dastaketarekin. Ondoren, dantzaldia egingo dute. Abenduaren 23an, berriz, mantekadoen txanda izango da; eta horrekin batera, Gabonetako loteen zozketa egingo dute lehenik, eta jarraian, arratsaldea borobiltzeko, dantza saioa.
Gabon kanten soinua ezin da falta egun horietan. Abenduaren 24an, 11:00etan hasita, Gurea abesbatzako kideak herriko kaleetan barrena ibiliko dira, Gabon kantekin alaitzen, eguerdi partean giro bizi-bizia sortuz.
Gabon egunean atseden txiki bat egingo dute, baina abenduaren 26an berriro ere bueltan izango dira ekintzak. Hitzordu garrantzitsu bat dute egun horretarako, izan ere, Urbiberriko Gurea abesbatzak Gabon kontzertua eskainiko du, urtero ikusmin handia sortzen duena.
Gabonetako egitarauak ez du indarrik galduko urte amaierara arte. Abenduaren 30ean, mantekadoen beste dastaketa bat egingo dute, hainbat loteren zozketa eta dantzaldia.
Eta urteko azken egunean, abenduaren 31n Urtezahar egunez, arratsaldean 19:30ean itxiko dute Urbiberri zentroa, urte berriari hasiera emateko. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean ere itxita egongo da.
Sarrerak eta ordutegiak
Dastaketetan eta zozketetan parte hartu ahal izateko, sarrerak abenduaren 10etik 17ra egongo dira eskuragarri, edo agortzen diren arte. Bazkide txartela aurkeztu beharko da eta bulegoak astelehenetik ostegunera 17:00etatik 19:00etara egingo du arreta.












