Ia bi milioi, 2026rako
1.965.000 euroko aurrekontua onartu du Ormaiztegiko Udalak 2026rako. Aurrekontuaren partida nagusiena herritarren ongizatera bideratuko da.
Trafikoa Lagun artea auzoaren parean, Ormaiztegin. Josune Zarandona Ormaiztegiko Udalak 1.965.000 euroko udal aurrekontua onartu du 2026rako. Pasa den azaroaren 24an egin zen ohiko osoko bilkuran hartu zuten erabakia Ormaiztegi Batzenen aldeko 6 botorekin. EH Bildu abstenitu egin zen. Jon Enrike alkatearen esanetan, «Ormaiztegiko aurrekontu arrunt batera itzulera» suposatuko dute. Izan ere, azken urteetan aurrekontu «puztuagoak» izan dituzte, —iazkoa 3 milioitik gorakoa izan zen— ez ohiko obra handietarako inbertsioak tarteko. Aurrekontu hauei esker «udal zerbitzu guztiak» mantenduko dituztela azpimarratu du alkateak, «partida nagusiena herritarren ongizatera bideratuko da, eta gizarte arloko programak mantentzea da helburu nagusia». 2026an ez da obra garrantzitsurik burutuko, nahiz eta «partida txiki batzuk badauden hainbat inbertsioetarako».
Inbertsio nagusienen artean bi aipatu ditu Enrikek. Batetik, Lagun artea auzoan semaforo bat jartzeko lanak; «nahikoa puntu arriskutsua da eta bizilagunek udalari egindako eskaera bat da. 2026an exekutatuko genuela hitzartuta genuen. 40.000 euroko aurrekontua izango du», azaldu du. Bestetik, Beasainerako noranzkoan bidegorrian falta den argiztapena jarriko da. «Bi eremutan egingo dira lanak, bata Ormaiztegiri dagokion tartean, herrigunetik zentral elektrikoa dagoen biribilgunera artekoa; hortik Beasaingo mugara artekoa aldundiari dagokio. Aldundiarekin hitzarmena egin dugu eta elkarrekin egingo ditugu lanak urtearen hasieran. Ormaiztegiri dagokion zatiaren aurrekontua 42.000 eurokoa da», zehaztu du.
Inbertsio txikiagoak
Badira 2026rako aurreikusi dituzte esku hartze txikiago batzuk ere. Mendi elkartearen eskariz haurrentzako rokodromo bat eraikiko dute oraindik zehaztu gabe dagoen eremu batean (4.500 euro); «haur parke baten ondoan eraikiko da. Oraindik zehazteke dago lekua, baina udalak gizarte etxeko haur parkearen ondoan jartzea hobesten du».
Bestetik, Irai errotan egiten ari diren pabiloietako bi udalaren jabetzakoak izango dira, «horietako bat udalaren biltegia izango da eta hornitzeko 5.000 euroko partida bat aurreikusi dugu». Amaitzeko, San Andres herri eskolan ikasgela handi bat bitan banatuko dute (18.000 euro). «Laguntza gelak izango dira, gero eta behar handiagoa dagoelako arlo honetan. Zatiketa modularra izango da beharraren arabera irekitzeko edo ixteko aukera emango duena», argitu du alkateak.
Inbertsio hauek kenduta, aurrekontuaren mardula udal zerbitzuetara eta ohiko gastu arruntetara bideratuko da. Hirugarren adinekoentzako programak, ludoteka zerbitzuak edo ohiko mantenu lanak aipatu ditu Enrikek besteren artean. Gizarte alorraren baitan, adineko pertsonei zuzendutako memoria saioak jarriko dituzte martxan 2026an berrikuntza modura; «urte guztian zehar eskainiko dira eta 5.000 euroko aurrekontua izango dute».
Zabor tasa gora
Udaleko pertsonal gastuei dagokionean, Udalitzek ezarritako %2,5eko igoera aplikatuko du Ormaiztegiko Udalak. Gora egingo dute baita, kale garbiketari, zabor bilketari edo eraikuntzen garbiketarako partidek; orokorrean %15ekoa. Zabor bilketaren kasu zehatzean, igoera %6,8koa izango da eta herritarrei eragingo die zuzenean. Igoera bi arrazoi nagusirengatik gertatu da; batetik birziklapen tasak, «aurreko urteetakoak baino kaskarragoak dira», deitoratu du alkateak eta bestetik, merkatuak ezartzen dituen prezioak eraginda.
Amaitzeko, kultur arloko gastuak ere gora egingo dute. San Andres jaietarako diru partidak 20.000 euro handiagoak izango dira, esaterako: «90.000 euro jaietarako eta beste 12.000 Ormaiztegiko Gazte Asanbladarentzako», amaitu du.













