Lazkaoko Udalak eta Goiekik lankidetza hitzarmena sinatu dute Hirigoien kaleko lokal berrietan enpresa proiektu berriak sustatzeko
Enpresa-zentroak hiru bulego eta bilera-gela bat ditu, guztiz hornituta. Udalak 112.401,03 euro gehi BEZa inbertitu ditu egokitzapenean. Goiekik zentroa kudeatuko du eta ekintzaileei laguntza emango die, Goierri eta Lazkaori balioa emango dieten enpresen sorrera sustatuz.
Gaur goizean Lazkaoko Udalak eta Goieki sinatu duten hitzarmen ekitaldian elkartu dira udal agintariak eta Goiekiko arduradunak.Lazkaoko Udala Lazkaoko Udalak eta Goiekik Goierriko Garapen Agentziak lankidetza hitzarmena sinatu dute herrian ekintzailetza eta garapen ekonomikoa bultzatzeko helburuarekin. Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak eta Adur Ezenarro Goiekiko presidenteak sinatu duten akordioaren helburua da enpresa ekimen berriak sortzea, bereziki berritzaileak direnak eta zerbitzu aurreratuetara bideratuta daudenak, Lazkaorako zein Goierri eskualderako balioa sortzeko.
Horretarako, Lazkaoko Udalak enpresa zentro bat jarriko du Goiekiren esku Hirigoien kaleko 56-58an, hiru bulegoz eta bilera gela batez osatua. Udalak 112.401,03 euro gehi BEZa inbertitu du lokalak egokitzeko. Gune hori ekintzaileentzat eta enpresa-ekimen berrientzat da, eta bere funtzionamendurako behar dituen zerbitzuak ditu: hala nola altzariak, Interneterako konexioa, ura, elektrizitatea, telefonoa eta berokuntza. Gainera, zentroak funtzionatzeko beharrezkoak diren espazio komunak izango ditu, hala nola lanerako eta lankidetzarako eremuak.
Goieki zentroaren arduradun
Goieki izango da zentroaren kudeaketaren arduradun eta instalazioak erabiltzen dituzten ekintzaileei laguntza emango die, Goierriri eta Lazkaori balio erantsia emango dieten enpresen sorrera sustatuz. Hasiera batean lau urteko iraupena izango du hitzarmenak. “Garapen ekonomikorako motorra izan nahi du Lazkaorentzat, eskualdean enplegua sortzen eta enpresa berriak hazten lagunduz”, nabarmendu dute.
Kepa Zubiarrain pozik agertu da Goiekirekin sinatutako lankidetza hitzarmenarekin. “Akordio honek, berrikuntzarekin eta ekintzailetzarekin dugun konpromisoa indartzeaz gain, mugarri garrantzitsua da Lazkao Goierriko garapen ekonomikoan erreferente gisa sendotzeko. Hitzarmen horri esker, beste urrats bat egin dugu enpresa-ekosistema dinamiko bat sortzeko, tokiko ekintzaileen eta erakundeen arteko lankidetza erraztuko duena, enplegua sortuko duten eta udalerriko sare ekonomikoa indartuko duten enpresa-ekimen berriak sortzen lagunduz. Ekintza honekin, Udalak ekintzaileei ematen dien babesa eta lazkaotar guztientzako etorkizun oparoago baten aldeko apustua berresten du”.
Goiekik kudeatutako esleipen publikoko prozesu baten bidez esleituko dira lokalak. Interesdunek beren enpresa proiektuak aurkeztu beharko dituzte, eta bideragarritasun ekonomikoa, berrikuntza, Lazkaorako eragin sozial eta ekonomikoa eta enplegu sorrera bezalako irizpideen arabera ebaluatuko dituzte. Laster xehetasun gehiago emango dira proposamenak noiz eta nola aurkeztu behar diren jakiteko.

Adur Ezenarro eta Kepa Zubiarrain hitzarmena sinatzen.Lazkao Udala













