Zabor edukiontziak erretzea "irmoki gaitzetsi" du udalak
Ohar baten bidez adierazi du "onartezintzat jotzen" dituela abenduaren 7tik 8ra gertatutako ekintza horiek.
Lazkaoko Udalak oharrarekin batera zabaldutako argazkian erretako kontainer bat.Lazkaoko Udala Lazkaoko Udalak “irmoki gaitzetsi” du joan den asteburuan zabor edukiontziak erre izana herrian. Ohar bidez jakinarazi duenez, abenduaren 7tik 8rako gauean gertatu ziren “ekintza bandalikoak”, eta “onartezintzat jo” ditu ekintza horiek: “Hainbat zabor edukiontzi erre eta frontoiaren atzean pintada bat egin izana. Udalak erabat onartezintzat jotzen ditu ekintza horiek, espazio publikoarekiko erabateko errespetu falta agerian utziz eta lazkaotarren bizikidetza eta ongizatea hondatuz”.
Udalak gehitu du dagoeneko “beharrezko neurriak hartu” dituela eragindako kalteak garbitu eta konpontzeko. “Gainera, agintari eskudunekin lankidetzan ari da gertakari horien erantzuleak identifikatzeko eta zigortzeko”.













