Ate irekiak gaztaren interpretazio zentroaren urteurrena ospatzeko
Abenduaren 14an beteko dira 20 urte zentroa ireki zela. Doako bisitak eskainiko dituzte asteburuan. 67.000 bisitari jaso ditu bi hamarkadako ibilbidean.
Gaztaren Interpretazio zentroko, udaleko, Goiturreko eta aldundiko ordezkariak, gaur goizean Idiazabalen.Josune Zarandona Orain 20 urte abenduaren 14 batez, ireki zituen ateak lehenengoz Idiazabalgo Gaztaren interpretazio zentroak. Urteurren borobil hori ospatzeko ate irekien jardunaldia antolatu dute asteburu honetan. Abenduaren 13an (11:15, 12:30 eta 16:00) eta abenduaren14an (11:15 eta 12:30) museoa bisitatzeko aukera izango da, doan; izena emateko idiazabalturismo@gmail.com helbidera idatzi edo 943 18 82 03 zenbakira deitu behar da.
Urteurrenaren harira prentsaurrekoa egin dute goizean Gaztaren interpretazio zentroan. Jone Ormazabal Idiazabalgo Udaleko Herri Garapenerako zinegotziak; Gaztaren interpretazio zentroa kudeatzen duen Erro Kooperatibako Leire Arandiak eta Libe Otegi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendariak hartu dute hitza aurkezpen ekitaldian.
Ormazabalek Idiazabal gaztaren herria dela gogoratu du, udako turismo kanpainaren leloari erreparatuz. Interpretazio zentroa erreferentzia puntu ere badela esan du, «hemendik bideratzen dira gero bisitariak herrira, eskualdera edo herriko gaztandegietara».
Bilakaera zenbakitan
Guztira 67.000 izan dira bi hamarkadatan museora gerturatu diren bisitariak. «Horiez gain, beste milaka izan dira herriko gaztandegietan produktua eta bere ekoizpen prozesua bertatik bertara ezagutzen izan direnak», gaineratu du Arandiak. Bisita hauek ekarpen ekonomikoki «garrantzitsua» suposatu dute; Idiazabalentzat ez ezik, baita eskualdearentzat ere.
Hasierako estrategia aldatuta, azken urteetan interpretazio zentroan baino Idiazabal Lurraldea markan egin da ahalegina. «Arrakasta handiz erabili da Idiazabal Lurraldea marka eskualdea promozionatzerako garaian», esan du. Honen baitan, aipagarriena azken hamarkadan «sendotuz» joan den GR283 Idiazabal Gaztaren ibilbidea produktu turistikoa, esaterako. Gaur egun Idiazabal gazta Gastromuseums, Euskadiko Museo eta Zentro Enogastronomikoen sareko kide dela esan du; eta Europako hainbat herri gazta-zale biltzen dituen AREQ —Asociacion Ruta Europea del Queso— proiektuan ere parte hartzen du.
Erreferente Gipuzkoan
Pandemiak eragin zuzena izan zuen sektorean; baina 2020an suposatu zuen geldialdiaren ondoren proiektua hauspotzea lortu zuten; «irudia, web gunea eta arrakasta handia izaten ari den online erreserbak egiteko sistema berria» estreinatuz.
Aldundiko turismo zuzendariak Gipuzkoan dauden hiru jatorri izendapenetatik Idiazabalgo gazta garrantzitsuenetakoa dela adierazi du, «bidea oso ondo ireki duzue. Oso ondo uztartuta dago produktu gastronomikoa, bertakoa, eta horrek daukan balio turistikoa; alde horretatik erreferente zarete lurraldean», gaineratu du. Turismo alorretik «aurrerapausoak emateko ahalegina» egiten ari direla esan du, Idiazabalgo gaztari lotutako ekintzak diru gehiagorekin laguntzeko.
Amaitzeko, Ormazabalek eta Arandiak udalaren eta Erro kooperatibaren izenean, 20 urte hauetan Gaztaren interpretazio zentroa bizirik mantentzeko Goiturrek, Goierri Turismok, aldundiak eta bestelako eragileek egindako ahalegina eskertu dute.
















