Beasainek Gabonei ongietorria emango die gaur
Kaleetako argiteria berezia piztuko dute arratsaldean. Urtarrilaren 5era arte antzerkia, musika, ikastaroak, kirol ekitaldiak eta jai tradizionalak izango dira, besteak beste.
Erauskin plazan ipini duten bola erraldoia.Ariane Vierbücher Eguberriko argiak gaur piztuko dira Beasainen, eta horrekin batera Gabonetako giroari eta sasoiko jarduerei hasiera ofiziala emango zaie. Udalak azaldu duenez, argiztapenak tokiko merkataritzaren jarduera biziberritzea du helburu, “herrian bertan erosteko ohitura sustatuz eta merkataritza txikia babestuz”. Gainera, Gabonetako giroak “kaleei bizitasuna eman eta herri nortasuna indartu” nahi ditu, Bareak Merkatari Elkartearekin elkarlanean.
Bi berrikuntza nagusi
Aurten, ohiko argiztapenaz gain, bi elementu ikusgarri izango dira berritasun gisa. Nafarroa etorbidean, zeru izartsua deitu dutena irudikatuko duen argiteria zabala ipini dute. Eta Erauskin plazan, herritarren arreta deituko duen bola erraldoi argiztatua.
Gainerako kale eta guneak aurreko urteetako eredua jarraituz apaindu dira.
Udalak jakinarazi duenez argiteria guztia LED teknologiakoa da eta kontsumo energetiko oso txikia du, “kontsumo elektrikoaren %0,06 besterik ez dutelarik suposatzen”. Programazio automatikoa izango du, ohiko moduan, “ordutegi erregularra bermatzeko, energia optimizatzeko eta ikusgarritasuna mantentzeko”.
Eguberriko egitarau zabala
Aurtengo eskaintza oso zabala izango da, adin guztietarako jarduerak uztartuz: musika, antzerkia, tailerrak, erakusketak, kirola eta jai tradizionalak antolatu dituzte, besteak beste.
- Abenduak 12: Gaztetxoen irakurketa kluba eta Sofia Huertaren piano kontzertua izango dira.
- Abenduak 13: Antton Telleriaren bakarrizketa (Usurbe antzokian).
- Abenduak 14: Loinatz, Narama, harizko orkestra eta Aurtzaka dantza taldearen kontzertua elizan.
- Abenduak 15: Ipuin antzeztua.
- Abenduak 18: Beasaingo Paperak bildumaren aurkezpena eta Eguberri kontzertua (udal banda, txistulariak, perkusio taldea, abesbatzak).
- Abenduak 19: Gabonetako koroa tailerra eta Goierriko Artisten Topaketaren irekiera.
- Abenduak 20: Ostadar dantza taldearen emanaldia.
- Abenduak 22: Goizez, zeramika tailerrak; arratsaldez, Beasain Kirol Sarien gala.
- Abenduak 23: Gabonetako marrazkien erakusketa.
- Abenduak 24: Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, joaldunak eta gutun bilketa; arratsaldean, Gabon eskea.
- Abenduak 25: Goizeresi txistularien kalejira.
- Abenduak 26: gazteentzako margoketa tailerra eta Nor naizen baneki antzezlana.
- Abenduak 27: Txotxongilo tailerra.
- Abenduak 29–30: Gabonetako parkea (puzgarriak eta jolasak) Antzizarreko kiroldegian.
- Abenduak 31: San Silbestre txiki solidarioa, eta ondoren, San Silbestre krosa.
- Urtarrilak 5: Erregeen gutun bilketa eta arratsaldeko Erregeen zamalkada.
Bareaken Gabonetako kanpaina
Merkataritza indartzeko xedez, Bareak elkarteak kanpaina berezia jarri du martxan. Bazkide diren saltokietan erosketak eginda, bezeroek Gabonetako opari poltsa eskuratu dezakete, eta Bareak txartelarekin egindako erosketek Gabonetako saskiaren zozketan parte hartzen dute.
Gainera, X. Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa martxan da, abenduaren 18ra arte. Ondorengo establezimenduek parte hartuko dute: Argi Optika, Arnedoko Txokoa, Foto Alzuri, Labores Otea, Mirari Metzeria, Mujika Txirrinduak, Naguri Optika, Enia Ileapaindegia, Vicuña Sport eta Xalo.
Herritarrek erakusleiho gustukoenari bozka eman ahal izango diote. Horretarako, dendetan bertan boto orria bete ahal izango da, baita udaletxeko IGunean ere. Bareak.eus webgunean ere inkesta bete daiteke, hala nahiago dutenentzat. Bozka ematen dutenen artean 100 euroko bi erosketa-txeke eta 200 euroko bat banatuko dira.
Erakusleiho onenen sari banaketa ekitaldia, abenduaren 29an egingo dute. Sariak banatzeaz gain, urte honetan erretiratu diren merkatariei omenaldia egingo zaie.
Amaitzeko, Udalak eta Bareak Elkarteak herritarrei dei egiten diete Gabonei Beasainen hasiera eman eta herriko giroa partekatzeko, bertako komertzioei bultzada emanez eta antolatutako ekitaldi guztiez gozatzeko.













