«Inflexio puntu bat izan da arnasguneen konferentzia»
UEMAren neurria ez da nolanahikoa: ondo bidean, 120 herrik osatuko dute etzitik aurrera. Ikusten dute egitekorik: estrategia bat aurkeztekoak dira, eremu euskaldunari aparteko lege babesa eman diezaiotela eskatzeko.
Martin Aramendi eta Miren Segurola, Ataunen. Jon Urbe / FOKU UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak batzar orokorra egingo du etzi, Etxarri Aranatzen (Nafarroa). Martin Aramendi lehendakariak (Ataun, Gipuzkoa, 1970) eta Miren Segurola koordinatzaileak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1975) nabarmendu dutenez, urte oparoa izan da 2025a: uste dute salto kualitatiboak eman dituztela arnasguneen eta herri euskaldunen garrantzia agerian lagatzeko.
2025ean, beste zazpi udalerri batuko dira UEMAra —batzar orokorrak berretsiz gero—; horrela, 120 udalerrik osatuko dute UEMA. Urtearen zer-nolako balorazioa egiten duzue?
MARTIN ARAMENDI: Ona, gure jardunari dagokionez behintzat. Buru-belarri ari gara lanean, gure herrietan eragiten, egoerak eskatzen duenari ahalik eta erantzunik onena eman nahian. Baina baliabide gehiago behar ditugu.
MIREN SEGUROLA: Balorazio oso positiboa da. Arnasguneen garrantziaren lanketan, urrats kualitatiboak egin ditugu aurten. Eta urteak inflexio puntua ekarri du, euskararen errealitatea agerian uzteko. Iñaki Iurrebasok ateratako tesia gizarteratzen aritu gara, eta ikusi dugu jende batengana iritsi dela larritasuna.
Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa lana ontzeko agindua eman zenioten Siadecori, eta ondorioa argia da: oraingo bidean jarraituz gero, ia arnasgunerik ez da egongo 2036an.
ARAMENDI: Denak bere hartan jarraitzen badu 2036ra arte, hori gertatuko da. Oso kezkagarria da, inolako zalantzarik gabe. Guk eskatu dugu proiekzioa; agian, beste erakunderen batek eskatu beharko zukeen. Bagenekien gutxi gorabehera zer etor zitekeen, eta egoera uste genuen baino larriagoa da. Orain tokatzen da bakoitzak beretik jartzea, neurriak hartzea, 2036an egoera hori eduki ez dezagun. Berehalako erantzuna eskatzen du, azkarra eta sendoa.
Nolako harrera izan du?
SEGUROLA: Alderdi politikoekin, instituzioekin eta euskalgintzako eragileekin egon gara. Balioa ematekoa da denok badugula kezka bat, baina garrantzitsuena da —momentuz, jauzi hori ez dugu egin— hemendik aurrera zer egin behar dugun zehaztea.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.













