Irizar e-mobilityk 78 autobus elektriko hornituko dizkio KVB Koloniari Alemanian duen presentzia sendotuz
Lehenengo autobusak 2026 amaieran entregatuko dituzte eta gainontzekoak 2027an. Kontratu hau ‘mugarri’ izango da Irizarrentzat Alemaniako merkatuan egonkortzeko.
Irizar ie bus efficient modeloaren aurkezpena, berriki. Hitza Alemaniako Kölner Verkehrs-Betriebe AG (KVB) operadoreak Irizar e-mobilityri esleitu dio Kolonia hirirako 78 autobus elektriko hornitzeko kontratua. Irizar e-mobilityk Alemanian duen Jebsen & Jessen Industrial Solutions GmbH banatzailearen bidez sinatu da kontratua.
KVBk hautatutako modeloa Irizar ie bus Efficient berria da, konpainiak orain dela gutxi aurkeztu duena. Ibilgailu berri honek aurrerapauso garrantzitsuak eman ditu eraginkortasunari, gaitasunari, irisgarritasunari, erosotasunari, segurtasunari eta jasangarritasunari dagokienez. Erosketa honekin, Kolonia izango da ibilgailu berri hori zirkulazioan jarriko duen lehen hirietako bat.
Aurreikuspenen arabera, lehen unitateak 2026 amaieran entregatuko dira, eta gainerako flota, 2027an. Irizar ie bus Efficient autobusaren barne diseinua bidaia esperientzia hobetzeko sortu da: espazio zabalagoak, argitasun handiagoa eta korridore zabalagoak.
Kontratu hau “mugarri eta urrats garrantzitsua” da Irizar e-mobilityk Alemaniako mugikortasun elektrikoaren merkatuan duen posizionamenduan. Irizar ie bus modeloak Alemaniako beste hiri batzuetan ere eskaintzen du zerbitzua, hala nola Düsseldorfen, Frankfurten, Bremenen eta Wormsen, baina Kolonia izango da lehena Efficient bertsioa bere flotan sartzen.













