Itaiak A25aren harira hainbat udalek jarritako "oztopoak" salatu ditu
Asanblada irekia deitu dute iganderako, Beasaingo Gaztetxean.
A25ean Itaiak deitutako manifestazioko irudia. Azaroak 25 Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna pasatu eta gero, Itaia emakume langileen antolakundeak balorazioa plazaratu du, urteko azken asteetan gertatutako eraso matxistak, jazarpen homofoboak eta instituzioetatik jasotako oztopoak salatuz. Oharrarekin batera, abenduaren 14rako deitutako asanblada irekia iragartzen duen kartela zabaldu dute; igandean, 17:30ean, Beasaingo Gaztetxean egingo dute bilkura, Matxismoaren eta faxismoaren aurrean antolatzera deituz.
A25aren ostean ere, “zaharrak berri”
Itaiaren arabera, A25ean Euskal Herrian mobilizazio ugari egin ziren arren, mugimendu feministaren kezka ez da arindu: “Badirudi efemerideak jendearen kontzientzia lasaitzeko besterik ez duela balio”, ohartarazi dute. Emakume langileen aurkako indarkeriaren neurria eta larritasuna azpimarratu dituzte: urte honetan sei erailketa matxista izan dira Euskal Herrian, eta azken egunetan Itsasondon izandako bortxaketa-saiakera eta Lazkaoko eraso homofoboa aipatu dituzte, egoeraren larriaz ohartarazteko.
Gabonen atarian, “festa giroak erasoak emateko abagune ezin hobea sortzen duela” ohartarazi du Itaiak, adi eta antolaturik jarraitzeko beharra azpimarratuz.
Beasaingo eta Ormaiztegiko udalen jarrera, kritikagai
Oharrean, erakunde sozialistak salatu du Beasaingo Udalak isun bat ezarri diola Itaiako kide bati, indarkeria matxistaren aurkako propaganda egiteagatik. Halaber, adierazi dute Ormaiztegiko Udalak kendu egin diela A25eko mobilizazioen harira jarritako kartel guztiak.
“Ez da lehen aldia esaten duguna: eskubide politikoen urraketa da hau, argi eta garbi, eta etengabe gertatzen da” azaldu dute. Itaiaren arabera, udalen jarrera hauek kontraesanean daude euren adierazpen sinbolikoekin: “Indarkeria matxistaren aurka badaude, nola da posible horren aurka antolatzen garenon lana oztopatzea?”.
Horren harira, espazio publikoa erabiltzeko duten eskubidea berretsi dute: “Ezin al dugu guk geuk, emakume langileok, espazio publikoa erabili salaketak egiteko?”.
Itaiak gogorarazi du euren ustez ideologia faxista eta ultraeskuina ari direla matxismoa normalizatzen, eta horregatik beharrezkoa dela kalean egotea, ahotsa altxatzea eta antolakuntza politikoa sendotzea: “Nola ez ditugu horien aurkako mezuak kalean zabalduko?”.
Amaieran, oztopoak oztopo, lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute: “Guk buru-belarri jarraituko dugu, eta dei egiten dizuegu asanbladetara bat egitera. Matxismoa ukatzen dutenen eta erasotzaileen inpunitatearen aurka, emakumeok lehen lerroan egongo gara”.
Asanblada irekia
Goierriko Itaiak datorren abenduaren 14an, arratsaldeko 17:30ean, Beasaingo Gaztetxean egingo den asanblada irekira deitu du. Helburua, euren hitzetan, “amorrua antolatzea eta matxismoaren eta faxismoaren aurrean lehen lerroan egotea” da.














