Sofia Huerta piano jotzaile gazteak kontzertua eskainiko du Igartzako jauregian
Nazioarteko agertoki nagusietan jo du Sofia Huertak, eta bihar, Beasainen izango da. Sarrerak eskuragarri daude.
Beasaingo Igartzako jauregiko giro historiko eta magikoan, argiztapen txikiz apainduta, Sofia Huerta Castrillo piano-jotzaile gazteak kontzertu berezia eskainiko du abenduaren 12an, 19:00etan. Sarrerak 10,24 euroan daude eskuragarri, eta edari bat barne dago. Aforoa mugatua izango da.
13 urteko talentu harrigarria
Sofia Huerta Donostian jaio zen 2011ko irailean, eta 8 urterekin hasi zen pianoa ikasten. Bere garapen azkarrak bide oparoa ireki dio, eta gaur egun estatuko eta nazioarteko pianista gazteen artean erreferentzia bihurtu da.
2022tik aurrera Pallavi Mahidhara kontzertistarekin lan egin du, eta 2023an Elisabeth Leonskaja maisu ospetsua ezagutu zuen; ordutik aurrera Leonskaja bera bihurtu da bere mentore. Gaur egun Anastasia Chernyavskaya da bere irakasle nagusia, eta aldian behin Alba Ventura eta Leonskaja bera ere hartzen ditu maisu-eskola saioetan.
Huerta Fundacion Barenboim-Said erakundearen ikasle hautatua da 2025–2026 ikasturterako, talentu bereziko musikarientzat gordetako beka programan.
Bere adin gaztearekin, Sofiak nazioarteko agertoki nagusiak zapaldu ditu: 86. Hamabostaldia inauguratu zuen 2025ean, eta sarrerak agortu egin ziren; ISA Festibalera gonbidatua izan da Vienan, Casa de Beethoven aretoan jotzeko; Gijongo Nazioarteko Jaialdian parte hartu du; eta MUSEG Segoviako Jaialdia inauguratu du Alcazarrean.
Era berean, Kursaal Auditorioan, Bilboko Filarmonikoan, Madrilgo Errege Akademian, Botin Zentroan eta beste hainbat aretotan jo du.
Bere ibilbidean, sari ugari lortu ditu. Lehenengo saria Gran Klavier Nazioarteko Lehiaketan (2025); Santa Cecilia Fundazioaren Lehiaketa (Segovia); EPTA España Lehiaketa (Madril); Maria Herrero Nazioarteko Lehiaketa (Granada); Città di Massa (Italia); eta hirugarren saria eta Publikoaren Saria Cesar Franck Nazioarteko Lehiaketan (Brusela)
Gazte musikariak, gainera, maisu handien ikastaroak jaso ditu, besteak beste: Logan Skelton, Soyeon Kate Lee, Andreas Frölich, Peter Ovtcharov eta Robert McDonald.
Sarrerak eskuragai QR bidez
Kontzertura joan nahi dutenek lerro hauen amaieran dagoen kartelean agertzen den QR kodearen bidez eros ditzakete sarrerak.














