'Xiberutikan Mendebaldera' da 24. Korrikaren abestia
Zetak taldeko Pello Reparazek egin du, eta Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorena izan ditu lagun. Agoitzen (Nafarroa) aurkeztu dute.
Erramun Martikorena, Ane Elordi, Pello Reparaz eta Maixux Zugarramurdi. AEK Gaur aurkeztu dituzte 2026ko Korrikaren abestia eta bideoklipa Nafarroako Agoitz herrian: Xiberutikan mendebaldera. Zetak taldeko Pello Reparazek egin dua bestia, lagun izan ditu Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorena.
Aurkezpenean izan dira Reparaz bera eta Ane Elordi, Korrikaren koordinatzailea. Elordik azaldu duenez, aurten lehenengo aldiz AEK osoak «prozesu demokratiko baten bidez» aukeratu du nori egin kantuaren enkargua: «Aurrenekoz, AEKide guztion artean erabaki dugu noren eskutan jarri Korrikaren kanta». «Zinez» eskertu du egindako lana: «Eskerrik asko Korrikarako kanta zoragarri hau ekoizteagatik eta, are gehiago, musikatik euskarari eta euskal kulturari egiten diezun ekarpenagatik». Abestiarekin batera, bideoklipa ere publiko egin dute; nabarmendu dute plano sekuentzian grabatuta dagoela.
Elordiren ostean, pozez hitz egin du Reparazek. Haren esanetan, Korrikaren abestia ondu izana da bere ibilbide artistikoko «erantzukizunik eta pozik handienetako bat»: «Ez da enkargu hutsa izan: kantaren bidez, euskarak eta Korrikak niri eman didatenaren zati bat itzuli nahi izan dut».
Abestiaren izaeraz
Euskara gara da 24. Korrikaren leloa. «Pisu handia» duela nabarmendu du Reparazek: «Ez gara bakarrik hizkuntzaz ari, bizitzeko, elkar zaintzeko eta etorkizun duinago bat elkarrekin irudikatzeko modu bati buruz ari gara».
Kantaren izanaz ere aritu da. «Mugimenduan dagoen komunitate baten sonoritatea» ematen ahalegindu da, ez «ereserki zurrun» batena. Halaber, helburu bat ere jarri dio lanari, jendea euskarara hurreratzea: «Kantak balio badu norbaitek AEKren euskaltegietan izena emateko lehen urratsa egiteko, alabarekin duen elkarrizketa batean euskaraz egitera animatzeko edota Korrikan kilometro bat gehiago egitera sustatzeko, orduan abestiak bere funtsa beteko du».
Abestiaren letra
Erensugeren itzala
Santa-Grazitikan
Zarrakaztelura
Eta Errigoraren auzolan eredua
Eskutik eskura
Hori ere ba gara
Sorgin baten azken kanta
Itoizko kaletan
Zer gara euskara bera ez bagara
Maixux eta Erramunen herrian
Maitasun eskutitz baten bide luzea
Xiberutikan Mendebaldera
Junkeraren fandango berri bat bezala
Bidaia berri baten bila
Ko! rri! ka!
Arranoaren hegaldia lumadi berriaz
Ko! rri! ka!
Irrintzi zahar bat aho gaztetan
Gailur berrietan
Basurdearen aztarna gara
Elorretatikan
Agurainaldera
Larruz eraikitako milaka etxola
Dajlatik Gazara
Hor da gure gogoa
Ezkerraldeko AEK
Saretuz lurra
Artzai gazte bat kontu zaharretan
Bariñako Bidane Baskaran
Maitasun eskutitz baten bide luzea
Xiberutikan Mendebaldera
Junkeraren fandango berri bat bezala
Bidaia berri baten bila
Ko! rri! ka!
Arranoaren hegaldia lumadi berriaz
Ko! rri! ka!
Irrintzi zahar bat aho gaztetan
Gailur berrietan
Lauburu bat gâteau batean baino
Euskara gara
Ilargirik gabe mareak gora
Nola bestela?
Nola bestela?
Maitasun eskutitz baten bide luzea
Xiberutikan Mendebaldera
Junkeraren fandango berri bat bezala
Bidaia berri baten bila
Ko! rri! ka!
Arranoaren hegaldia lumadi berriaz
Ko! rri! ka!
Irrintzi zahar bat aho gaztetan













