Goierriko Euskal Liburu eta Disko Azokek asteburua girotu dute
Gaur larunbatean jende ugari bildu da Ataungo, Lazkaoko eta Segurako azoketan, eta bihar, igandean, azken aukera izango da euskarazko liburu eta diskoak eskuratzeko
Euskal liburu eta disko azoka Lazkaon.Lide Egizala Ostiralean abiatu ziren Goierriko Euskal Liburu eta Disko Azokak, eta gaur, larunbata, giro ederrean ospatu dira Ataunen, Lazkaon eta Seguran. Herritarrek aukera izan dute euskarazko liburu, disko, jolas eta aldizkari ugari ezagutzeko eta erosteko, eta egitarauan jasotako aurkezpenek eta emanaldiek azoketara hurbiltzeko aitzakia bikaina eskaini dute.
Azoken arduradunek azaldu bezala, helburua argia da: euskarazko sorkuntza herrira gerturatzea eta plaza bizia sortzea. Lazkaon 36. aldiz antolatu dute azoka, plazako pilotalekuan, Azokak janzten gaitu! lelopean; Seguran 19. edizioa du jada; eta Ataungoa, berriz, 20. aldiz ari da egiten, Herri Antzokian.
Larunbateko jardunaldian, besteak beste, liburu aurkezpenak, proiektu berrien azalpenak eta salmenta izan dira nagusi hiru herrietan. Antolatzaileek azpimarratu dute urteek aurrera egin ahala azokek sendotasuna irabazi dutela, eta gaur egun erreferente bihurtu direla Goierrin euskarazko kultur eskaintza ezagutzeko.
Bihar, igandea, azken eguna
Azokek bihar, igandea, izango dute azken eguna, eta oraindik ere badago bertaratzeko aukera. Ataunen, 11:00etan irekiko dituzte ateak, eta Arantxa Urretabizkaiak Zahartzaroaren maparen bila liburua aurkeztuko du, eguerdira arte. Lazkaon, 10:00etatik 14:00etara egongo da azoka zabalik, eta eguerdian sortzaileei eskerrak emateko ekitaldia egingo dute, Lazkaoko Bandaren Gabonetako kontzertuarekin eta errifaren zozketarekin batera. Seguran, berriz, 11:00etatik 14:00etara izango da liburu eta material salmenta Botikaxaharrean.
Antolatzaileek gogorarazi dute enkarguak egiteko aukera ere badagoela, Olentzero eta Mari Domingi iritsi aurretik nahi den materiala eskura izateko. Horregatik, herritarrei dei egin diete igandean ere azoketara gerturatu eta euskarazko kulturari babesa ematera.
Jarraian, ikusi gaur goizean Lazkaon izan den giroa:













