Abenduaren 18an Gasteizko manifestaziora joateko dei egin dute pentsiodunek
Urteko azken elkarretaratzea egin dute Goierri beheko pentsiodunek Ordizian. Urte berriko lehena, urtarrilaren 12an izango da Lazkaon. Osteguneko manifestazioan gutxieneko pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatu arte osatzea eskatuko dute.
Goierri beheko pentsiodunak, gaur Ordizian. Goierri beheko pentsiodunek Ordizian egin dute gaur goizean, asteleheneroko urteko azken elkarretaratzea. 2026ko urteko lehena, urtarrilaren 12an egingo dute Lazkaon. Dena den, mobilizazioak ez dituzte etengo, ostegunean, abenduaren 18an manifestazioak egingo baitituzte Gasteizen eta Iruñean. Goierritik Gasteiza joateko deia egin dute. Legebiltzarraren aurrean, 11:00etan jarri dute hitzordua.
Manifestazioaren aldarrikapena ondorengoa da: “Gutxieneko pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (SMI) parekatu arte osatzea, eta banaka aitortu eta aplikatzea, hau da, familia unitatearen diru-sarrerek baldintzatu gabe”.
Bestalde, Gasteizko manifestazioan “gure Herri Ekimen Legegilearen aurkako betoa salatzeaz gain, azpimarratuko da EAJk eta PSEk esan zutela ados zeudela HELan eskatutakoarekin, eta prest zeudela beste aukera batzuk ‘aztertzeko’, baina orain, abenduaren 23an, 2026rako aurrekontuekin egiteko aukera dutenean, gutxieneko pentsioak osatzeko partida ekonomiko bakar bat ere ez dute bideratu”.














