Alaitasuna errondaila Legazpin da, Kanaria Handian asteburu "berezia" igaro ondoren
Eguraldiagatik irla osoan ezarritako alerta laranjaren ondorioz, bertan behera geratu zen Valleseco herrian Los Paperos taldearekin egin behar zuten emanaldia. Hango musikariekin harremanak sendotzeko baliatu dute egonaldia.
Alaitasuna errondailak asteburu “berezia” igaro du Kanaria Handian, eguraldiak goitik behera markatu dielako prestatuta zuten egitaraua Legazpiko musikariei. Valleseco herriko Los Paperos parranda taldeak gonbidatu zituen, haiek Legazpira iaz egindako bidaiari erantzunez, eta joan den ostiraletik igandera bitarteko bidaia eta egonaldia zuten antolatuta, emanaldi eta guzti.
Baina eguraldiak planak aldatu zizkieten guztiei, ekaitz baten ondorioz alerta laranja ezarri zutelako irla osoan, eta ikuskizun guztiak bertan behera uzteko agindua eman zutelako agintariek. Legazpiarrak Loiuko aireportuan zeuden ostiral eguerdian abisua jaso zutenean, eta batzuk etxera itzultzea erabaki bazuten ere, gehienek espedizioarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten.
Izan ere, kanariarren aurrean egin behar zuten emanaldia bertan behera geratu bazen ere, anfitrioiak zain zituzten, baita aurretik joandako errondailako hainbat kide ere. Hala, denak elkartu, eta bi taldeen arteko harremanak sendotzeko baliatu dute asteburua, baita Valleseco eta inguruak ezagutzeko ere. Larunbatean, bazkaltzeko elkartu ziren bi taldeetako musikariak, eta elkarrekin hainbat opari trukatu zituzten. Eta jendaurrean jotzeko aukerarik izan ez bazuten ere, afalondoan, berriz, gitarrak eta eztarriak astindu zituzten guztiek.
Igandeko arratsaldeko lehen orduan iritsi ziren bueltan Legazpira, eta planifikatuta zutena bezalakoa izan ez bada ere, “asteburu bikaina” igaro dute Alaitasunakoek.














