Aurelio Gonzalez legazpiarra hil da
Lenbur Fundazioaren sorrera bultzatu zuen, eta horren zuzendari nagusia izan zen 1997tik 2013ra. Azkenaldian utzita zuen fundazioa, baina kolaboratzen jarraitzen zuen.
Lenbur Fundazioaren sorreraren bultzatzaile nagusia izandako Aurelio Gonzalez Garcia hil zen atzo, 72 urte zituela. Lenburren eskutik, Legazpik burdinarekin eta naturarekin duen harremana baliatuz, bi elementu horiekin lotutako ondarea berreskuratzen jardun zuen urteetan, eta herria turismoaren mapan jartzea lortu zuen, udalaren eta hainbat elkarte eta erakunderen babesarekin.
Gonzalez “Lenbur proiektuaren bultzatzaile eta arima, eta hiru hamarkadatik gora lan, ahalegin eta grina eskaini zizkiona” izan zen, fundazioko gaurko arduradunek adierazi dutenez.
Gonzalezek Legazpiko Udalean egin zuen lan urte askoan, eta azpiegitura brigadako burua izan zen. Bertan hasi zen gero Lenbur Fundazioa sortzera eramango zuen ideia lantzen. Lan hura utzi eta Lenbur Fundazioaren zuzendari nagusia izan zen 1997an sortu zenetik 2013ra arte. Orduan, fundazioko patronatuko idazkari kargua hartu zuen, eta udal lanpostura itzulita, harekin bateratu zuen, jubilatu zen arte. Jubilatuta ere, jarraitu zuen idazkaritzan, 2022an kargua utzi arte. Patronatutik urrundu zen orduan, baina kolaboratzen jarraitu zuen, eta hainbat erakusketa egin zituen Lenburren babesean.
“Proiektu ugari buruan”
Izan ere, Aurelio Gonzalez herrian gertatzen ziren ekitaldi eta jardueretako egitarauak, kartelak eta era askotako dokumentuak bildu eta gordetzeko zalea ere bazen, eta urteen poderioz bilduma ederra zuen eginda. Bilduma horretatik tiraka egin zuen azken erakusketa Politika fatxadetan, 1984-1998. Legazpi izan zen, iazko urte amaieran Txillida Lantokiko Fabrika gunean ikusgai egon zena.
Aurretik, beste erakusketa bat antolatu zuen, Fabrika bat, ikastetxe bat: Buen Pastor, ikastetxe horri edo Kolegioari buruzko hainbat material bilduta, baina batez ere, argazkiak, makina bat ikasle promoziotako argazkiak. Lan horrek jarraipena izan zuen, eta bigarren erakusketa bat ere jarri zuen ikusgai aurtengo udaberrian, Kolegioaren azken promozioko ikasleen argazkiekin. Argazkietan agertzen diren mutil gazteak identifikatzea zen helburua, eta guztiei izena jartzea, eta lan horretan zegoen murgilduta azken hilabeteetan Gonzalez.
Beste lan bat ere bazuen esku artean, Txillidaren eskulturekin zerikusia zuena; liburu bat argiratzea zen helburua. Bi hauek bezala, proiektu gehiago utzi ditu amaitu gabe, “hainbat zeregin, ideia eta proiektu zituen buruan, beti bezala lanerako gogo biziz eta etengabeko ekimenarekin”.
Gonzalezen “jakin-minak, ekimenak eta kulturarekiko konpromisoak ez zuten etenik izan”, nabarmendu dute Lenburretik. “Aureliok ondare handi eta berezia utzi du, gizatasunez, kulturaz eta lan eredugarriz betea, beti hurbiltasunetik eta bere herriarekiko maitasun sakonetik egina”.













