Gipuzkoako zaldi raid txapelketa jokatu da Ormaiztegin
80 kilometroko modalitatean jokatu da txapelketa; iraupen luzeko proban. Guztira, 35 zaldizkok hartu dute parte lasterketa ezberdinetan.
Zaldunak Ormaiztegiko Bide berdetik barrena, atzo. Angel Elorza Mutiloako Orue Endurance zaldientzako entrenamendu zentroak bigarren urtez antolatu du Ormaiztegin, Gipuzkoako Zaldi Raid txapelketa. Atzo jokatu zen eta guztira 35 zaldizkok parte hartu zuten. Gipuzkoako txapelketa izan arren, parte hartzaileen artean bi gipuzkoar soilik izan ziren. Orue Enduranceko Mikel Etxenikek dioenez, kirol hau ez da oso ezaguna hemen. Euskal Herriko ordezkaritza izan zen hala ere parte hartzaileen artean, baita Kantabria, Asturias eta Aragoitik etorritakoak ere.
Gipuzkoako txapelketa Diego Ruizek irabazi zuen Arkiya zaldiarekin; bigarren izan ziren Sofia Campo eta Khan Almanzor zaldia eta hirugarren, Maria Buron eta Chocolate de Seña. Ormaiztegikoa bezalako txapelketak nazioarte mailako txapelketetara sailkatu ahal izateko probak dira, «zaldun gehienak gazteak izaten dira, hasi berriak». Eguraldi onak lagunduta, «aparteko giroan» ospatu zen proba eta jende ugari gerturatu zen ikustera.


















