Gipuzkoako Zaldi Raid txapelketa jokatuko da bigarrenez Ormaiztegin
Igandean jokatuko da, goizean hasi eta arratsaldera arte. Guztira, 33 zaldizkok parte hartuko dute. Txapelketaz gain, beste hiru lasterketa ere jokatuko dira modalitate ezberdinetan.
Igandean Ormaiztegin jokatu zen zaldi raidaren irudi bat.Angel Elortza Mutiloako Orue Endurance zaldientzako entrenamendu zentroak bigarren urtez antolatu du aurten igandean Ormaiztegin jokatuko den Gipuzkoako Zaldi raid txapelketa. Orue Enduranceko Mikel Etxenikek aurreratu duenez, txapelketa azaroan jokatzekoa zen, baina behi aziendari eragiten dion dermatosi nodular kutsakorra gaixotasunak eraginda atzeratu beharra izan dute.
Azaroko neurri murriztaileak bertan behera geratu diren arren, txapelketan parte hartuko duten zaldiek Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako neurriak zorrotz bete beharko dituzte parte hartu ahal izateko. Aurten izen ematea iaz baino konplikatuagoa izan da arrazoi honegatik, “papeleo asko bete behar izan dituzte parte hartzaileek”, aitortu du Etxenikek.
Guztira 33 zaldik parte hartuko dute igandean, iaz baino 10 gutxiago. Zaldizkoak Euskal Herria, Kantabria, Asturias eta Aragoiko jatorrikoak izango dira.
Txapelketa 80 kilometroko modalitatean
Gipuzkoako txapelketa 80 kilometroko modalitatean jokatuko da; baina txapelketatik kanpo beste hiru lasterketa ere egingo dira 20, 40 eta 60 kilometroko modalitateetan. Zaldi raid-ak iraupen luzeko probak dira eta bete beharreko kilometroen arabera, zatitan banatzen dira. Adibidez, 80koak 30 kilometroko bi etapa eta 20 kilometroko bat izango ditu; 60 kilometrokoak 20 kilometroko hiru eta 40 kilometrokoak 20 kilometroko bi. 20 kilometroko lasterketa etapa bakarrean burutuko da.
Antonene belarditik aterata ibilbide zirkularra osatuko dute zaldizkoek, bide berdetik Lierni eta Mutiloatik pasata. Etapa batetik bestera igaro aurretik, zaldiek albaitarien kontrola pasa behar dute, «bihotz taupadak zenbatu, hidratazio maila kontrolatu, herrenak dauden edo ez ikusi eta ondorengo etapara pasatzeko egoera onean dauden ziurtatzeko». Zaldia ondo ezagutzeak berebiziko garrantzia du proba hauetan, «ezin da zaldia gehiegi estutu, gero kontrol hori pasatu beharra dagoelako».
Txapelketari —80 kilometroko lasterketari— 9:30ean emango diote hasiera eta gainontzekoak 10:00etan irtengo dira. Probak 16:00etarako amaituta egongo direla aurreikusi dute.













