Legazpiko lehen magia jaialdia, arrakasta hutsa
Eneko Gutierrez mago eta ilusionista legazpiarrak antolatuta, Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko hainbat artistek herri osoa magiaz zipriztindu dute asteburuan.
Legazpiko Jiji-Jaja magia jaialdiaren lehen edizioa arrakasta hutsa izan da. Eneko Gutierrez mago eta ilusionista legazpiarrak antolatuta, asteburuan magiaz zipriztindu dute herria Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpo etorritako artistek.
Euskal Magoen hirugarren galak ireki zuen jaialdia ostiralean Latxartegi aretoan. Adin askotako publikoa bildu zuen gala honek, eta amaieran, batzuek argazkia atera ahal izan zituzten magoekin. Gutierrezek berak Fernando de Rosasekin aurkeztuta, Julen Magoa, Enzzo eta Alaitz Oraa izan ziren artista gonbidatuak.
Emanaldi honen “balantze positiboa” egin du Gutierrezek. “Dena ondo atera zen, antolaketa perfektu atera zen, ikuskizuna ere oso polita izan zen. Julen oso ondo egon zen, eta musikarekin izan zituen arazo tekniko txikiei egundoko energiarekin eman zizkien buelta, eta publikoak ez zituen ia antzeman ere egin. Enzzoren ikuskizuna ere oso polita izan zen. Eta azkenik, Alaitzenak hitzik gabe utzi gintuen guztiok. Niretzat, gainera, berezia izan zen ikuskizuna barrutik ere ezagutu ahal izan nuelako, eta bere taldeak nola lan egiten duen ikusi nuelako”.
Baina gala honek beste alderdi bat ere izan zuen, eta “horrekin ez nintzen hain gustura geratu: publiko askorik ez zela egon. Espero baino jende gutxiago etorri zen, baina etorri zirenak oso gustura egon ziren, oso ondo pasatu zuten, eta horrek asko pozten nau”.
Jaialdiak larunbat goizean zuen hurrengo hitzordua, baina lehia gogorra izan zuen larunbatean ondoko Zumarragan eta Urretxun ospatzen ari zen Santa Lutzia feriarekin, eta goizerako programatuta zuten “ikuskizun detektibeskoa” bertan behera utzi zuten. “Baina Ilintirekin hitz egiten ari naiz aurrerago estreinatzeko lan hau Legazpin, beste herri batzuetara eraman baino lehen”.
Arratsaldean, ordea, oso arrakastatsua izan zen erdiguneko hamar tabernatan zehar bederatzi magok egin zuten magia-poteoa. 19:00ak eta 21:00ak bitartean, magia saio txikiak egin zituzten magoek tabernetan, bertan bildutako jendearen harridurarako askotan.”Ekitaldi honekin ere oso gustura geratu ginen danok”.
Gauean Gaztetxean izan zen festa, eta aretoa goraino bete zen, magia gala bihurriaren aitzakian, eta honetan Jerry Zhang, Carlitos, Fernando de Rozas, Oier Jurado, Unai Jurado, Julen magoa, Andoni Zapatilletan eta Eneko Gutierrez bera izan ziren artistak. “Ikaragarria izan zen”, dio Gutierrezek, “espero genuen baino askoz ere jende gehiago izan zen”. Ikuskizun bera “oso polita” izan zen, “ordu eta erdi edo bi orduko iraupena izatea espero genuen, baina azkenean hiru ordukoa izan zen, eta jendeak bikain erantzun zuen”.
Jiji-Jaja jaialdiari amaiera emateko, Andoni zapatiletan ikuskizuna eskaini zuten Txillida Lantokian. “Andoni maisu bat da. Umeekin Euskal Herrian daukagun magorik hoberenetako bat da, eta horrela erakutsi zuen igandean”.
Orain aste beteko atsedena hartuko du Gutierrezek, baina berehala hasiko da datorren urteko jaialdiari begira: “Baditut zenbait artista buruan!”.
ARGAZKIAK: Tere Madinabeitia eta Izaro Villarreal












