Martxan da Legazpiko erakusleiho lehiaketa
Udalak antolatuta, 15 establezimendu ari dira parte hartzen. Herritarrek bozkatzeko aukera dute. Abenduaren 22an emango da jakitera zein den irabazlea.
Legazpiko erakusleiho lehiaketa martxan dago, udalak antolatuta. Guztira herriko 15 establezimendu apaindu dituzte okasiorako, eta urtarrilaren 6ra arte egongo dira horrela.
Hauek dira parte hartzaileak: Apatxo liburu denda, Didare mertzeria, Aranzazu optika, Attiko diseinu grafikoak, Hegialde botika, Maitia haurrentzako arropa eta oinetakoak, Mimaru lore denda, Okela harategia, Oskarbi optika, Tximak ile apaindegia, Urcelay oinetakoak, Laubideko Us ingeles akademia, Santikutz kaleko Us ingeles akademia, Xaloa estatika eta Zuzen zerbitzu grafikoak.
Epai mahai espezializatu batek epaituko ditu erakusleihoak, baina herritarrek ere badute onena bozkatzeko aukera. Legazpiko Udaleko www.legazpi.eus webgunean eman behar da bozka, abenduaren 21era arte. Bozkatzen duten guztien artean 100 euroko erosketa txartela zozkatuko du udalak. Herritarren artean aukeratutako establezimenduak 200 euro irabaziko ditu.
Beste hiru sari ere izango dira: 500 eurokoa irabazlearentzat, 300 eurokoa bigarrenarentzat, eta 200 eurokoa hirugarrenarentzat. Abenduaren 22an banatuko dituzte sariak, udaletxean.













