Zoru pelbikoa lantzeko ikastaroa antolatu dute Legorretan
Arrasateko Abian Fisioterapia zentroko Saioa Baena fisioterapeuta adituak emango du, urtarrilaren 20an hasita. Izena eman behar da abenduaren 23rarako.
Arrasateko Abian Fisioterapia zentroko Saioa Baena fisioterapeutak zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa eskainiko du Legorretan. Zoru pelbikoa, obstetrizia eta ginekologia berreziketan aditua da Baena eta urtarrilaren 20an hasita, astelehenetan, 18:00etatik 19:30era, hamar saio emango ditu.
Ikastaroan edozein emakumek har dezake parte, «bereziki, menopausia hasi edo igarotzen ari direnentzat, umetokia edo puxika erautsi dutenentzat, pixa galerak dituztenentzat eta erditu berri direnentzat, erditze osteko tratamendu bezala».
Interesatuak izena eman beharko dute abenduaren 23ra bitartean, berdintasuna@legorreta.eus helbidera idatzita. Ikastaro osoaren prezioa 100 eurokoa da. Hori bai, taldea osatzeko gutxienez sei pertsona beharko dira eta gehienez hamabost. Ikastarora bakoitzak bere esterila eraman beharko du.
Ikastaroak bi atal izango dira. Arlo teorikoan, «zoru pelbiko, anatomia, postura berreziketa, eta abar» landuko dituzte. Arlo praktikoan, berriz, «zoru pelbikoaren kontzientziazioa, perineorako ekitaldi zehatzak, gimnasia abdominal, hipopresiboa eta postura ariketak orokorrean».
Azken saioan, «zoru pelbikoaren balorazioa indibidualki egiteko aukera, zenbait disfuntzioren aurrean perineo muskulaturaren egoera ebaluatzeko».













