Abenduko zubian %57,85eko okupazioa izan dute Goierriko landa ostatuek Nekaturren arabera
Gipuzkoako batez besteko okupazioa %65ekoa izan da; tasarik altuenak Oarsoaldean (%98) eta Debagoienan (%75) eman dira.
Ataungo Aldarreta landa ostatua.Hitza Nekatur Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko landa ostatuen elkarteak abenduko zubiko landa turismoko ostatuen datuen berri eman du. Datu horien arabera, %57,85eko okupazioa izan zuten Goierriko landa ostatuek abenduko zubian. Abenduaren 5etik 8ra bitarteko okupazioaren ehunekoak neurtu ditu.
Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia kontuan hartuta, “landa turismoa sendotu” egin dela adierazi du, eta “Gabonetarako aurreikuspenak onak” direla. Araban izan zen batez besteko okupaziorik altuena, %75arekin. Bizkaian %68koa izan zen, eta Gipuzkoan %65ekoa. Azken horretan, tasarik altuenak Oarsoaldean (%98) eta Debagoienan (%75) eman dira.
Gabonetako erreserbak “erritmo onean” doazela nabarmendu du elkarteak. Abenduaren 24ko gauerako erreserbak Araban %74,39 dira, Bizkaian %79,03, eta Gipuzkoan %76,42; abenduaren 31rako, aldiz, Araban %80,56, Bizkaian %74,12, eta Gipuzkoan %78,94.
11 landa ostatu dira Nekaturreko kide Goierrin: Ondarre baserria (Segura), Lizargarate (Lazkao), Oiharte (Zerain), Aldarreta (Ataun), Tellerine (Zerain), Olagi (Altzaga), Lazkao Etxe (Zaldibia), Pagorriaga (Beasain), Irizar Azpikoa (Zaldibia), Bartzelona (Legorreta) eta Arrieta Haundi (Zegama).













