Beasaingo Udalak 2026ko egutegia aurkeztu du
'Urtaroak Beasainen' gaiari eskainitako argazkiekin osatu dute egutegia, eta dagoeneko eskuragarri dago Igunean.
Egutegian agertzen diren argazkien egileak, Mariola Pascual udal zinegotziarekin. Beasaingo Udalak 2026ko udal egutegia aurkeztu du, eta herritarren eskura jarri du jada Igunean, herritarrentzako arreta eta informazio bulegoan. Guztira 2.600 ale argitaratu dira, euskaraz soilik, udalaren hizkuntza-konpromisoari eutsiz, eta herritarren eskura egongo dira agortu arte.
Aurtengo egutegiaren edukia urte osoan zehar egin den argazki lehiaketan saritutako lanekin osatu da. 2026ko edizioak Urtaroak Beasainen gaia izan du ardatz, eta guztira 74 argazki aurkeztu dira lehiaketara. Horietatik 13 lan saritu dituzte: urteko 12 hilabeteak irudikatzen dituzten argazkiak eta azalekoa.
Sarituak eta sariak
Honako hauek izan dira argazki lehiaketako sarituak eta jasotako sariak:
- Tomas Sarasola Villahoz, azaleko argazkia eta apirilekoa (120 euro).
- Francisco Javier Quiros Fernandez, urtarrila (60 euro).
- Lazaro Gonzalez Ramos, otsaila eta maiatza (120 euro).
- Andres Lekuona Aiestaran, martxoa eta abuztua (120 euro).
- Fernando Anza Rey, ekaina (60 euro).
- Marian Segovia Segovia, uztaila (60 euro).
- Maite Donazar Cubillas, iraila (60 euro).
- Iñaki Erauskin Urretabizkaia, urria eta abendua (120 euro).
- Jose Angel Amutxastegi Esnaola, azaroa (60 euro).
Horrez gain, Andoni Aizpuru Murua testuen egileak aitortza berezia jaso du. Telebistako aurkezle gabiriarrak egutegiko irudiei lotutako hausnarketarako testuak idatzi ditu, argazkiei bestelako irakurketa bat emanez.
2027ko egutegirako lehiaketa, martxan
Bestalde, Beasaingo Udalak jakinarazi du 2027ko egutegia osatuko duen argazki lehiaketaren oinarriak dagoeneko argitaratu direla eta udalaren webgunean kontsultatu daitezkeela. Hurrengo edizioko gaia honakoa izango da: Beasaingo baserriak, nekazaritza, abeltzaintza eta azoka.
Parte-hartzaileek Beasaingo landa-ondarea eta bizimodu tradizionala irudikatu beharko dituzte: baserriak, eguneroko nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak, pertsonen eta ingurumenaren arteko harremanak, eta azokaren dinamismoa, tokiko produktuak eta ekoizleen eta herritarren arteko lotura nabarmenduz.
Aurkeztutako argazkiak Beasainen bertan ateratakoak izan beharko dira, edo gutxienez irudian argi antzeman beharko da kokalekua Beasain dela. Udalak gogorarazi du, halaber, azken urteetako egutegiak euskarri digitalean ere eskuragarri daudela bere webgunean.













