Euskarazko unibertso digitala sustatzeko ekimena, aurrenekoz
Gazteak hartzaile-kontsumitzaile izatetik sortzaile-garatzaile izatera bultzatu nahi da. Denera, 75 ikaslek parte hartuko dute gaurko ekimenean. Lantegiek, hitzaldiak eta ihes-jokoak osatuko dute eguneko jardunaldia.
Zazpi urteko ibilbidea duen Xare egitasmoa aurreneko aldiz gaur iritsiko da Lazkaora. Ez da makala urte hauetan guztietan egindako bidea, eta orain ere, euskarazko unibertso digitala sustatzea helburu duen ekimenarekin etorri da, gazteak, teknologia eta euskara ardatz hartuta. Helburua da, besteak beste, gazteen artean euskarazko sorkuntza eta baliabide digitalak ikusaraztea, eta ikasleak hartzaile-kontsumitzaile izatetik euskarazko ekosistema aberastuko duten
sortzaile-garatzaile izatera bultzatzea. Lazkaoko ikastolaren eta udalaren artean antolatutako ekimena da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin aurrera eramanda.
75 ikaslek parte hartuko dute gaurko ekimenean, batxilergo lehenengo mailakoak denak, eta ikastola izango dute topaleku. 09:00etatik aurrera, hamaika izango dira landuko dituzten gaiak, formatu ezberdinetan: tartean bi atsedenaldi izango dituen hiru txandatan banatuta, bost lantegi izango dituzte
lanabes digitaletan trebatzeko eta horien aplikazio errealak ulertzeko. Horrez gain, arrasto digitalaz hausnartzeko tartea ere izango dute, hitzaldi baten bitartez, eta ihes-joko berri batean trebatzeko aukera ere izango dute gazteek: Zainduz Saretu delakoan.
Ihes jokoa, berrikuntza
Ihes-joko hori da Xareren aurtengo berrikuntza, hain justu. Erronka ezberdinen bitartez, sare sozialetako egoerak aztertuko dituzte gazteek: gorroto-diskurtsoak, ‘red eta green flag’ seinaleak, fake news edo gezurren aurrean dauden jokamoldeak… Horretarako, gelan izango diren material fisikoak ez ezik, telefonoetan instalatutako app bat erabiliz QR kodeak eskaneatu, arrastoak bilatu eta, lankidetzan, erabaki kolektiboak hartu beharko dituzte ikasleek.













