Igartza Musika Zikloak pianogintza kubatarrarekin hasiko du urtea
Zazpi kontzertu eskainiko ditu urtarriletik ekainera bitartean, Beasaingo hainbat espaziotan.
Ezkerretik hasita, Garazi Zabaleta, Mariola Pascual, xabier Zeberio eta Leire Artola, gaurko aurkezpenean.Ariane Vierbücher «Halako zikloek aukera ematen dute sorkuntza garaikidea gertutik ezagutzeko, tokiko eta kanpoko artistei plaza emanez, eta entzuleei esperientzia aberasgarriak eskainiz». Hitz horiekin aurkeztu du Leire Artola Beasaingo alkateak Igartza Musika Zikloaren 2026ko lehen seihilekoko egitaraua. Alkatearen esanetan, musikak funtsezko rola du komunitatearen kohesioan eta herriaren nortasun kulturalean, eta Igartza Musika bezalako egitasmoek ekarpen hori indartzen dute.
Beasaingo Udalak eta zikloaren antolatzaileek —Garazi Zabaleta eta Xabier Zeberio koordinatzaileek— Igartzako jauregian eman dute ezagutzera urtarriletik ekainera bitartean eskainiko den programazioa. Guztira, zazpi kontzertu izango dira, herriko hainbat espaziotan banatuta, aniztasuna, kalitatea eta sortzaileen arteko elkarrizketa ardatz hartuta.
Udalaren balorazioaren arabera, Igartza Musika Zikloa Beasaingo kultur egutegian erabat errotutako egitasmoa da gaur egun. Denborarekin egonkortasuna eta publikoaren fideltasuna lortu ditu, eskaintza jarrai, koherente eta kalitatezkoa eginez. Kontzertuek adin eta interes desberdinetako entzuleak biltzen dituzte, eta horrek zikloaren izaera irekia eta integratzailea agerian uzten du.
Programazioaren oinarrietako bat da estilo bakarrera ez mugatzea. Antolatzaileen hitzetan, helburua entzuleei ikuspegi zabala eskaintzea da, musika klasikoa, jazza, kantagintza garaikidea, abesbatza-lana eta proposamen esperimentalak uztartuz. «Ez dugu genero jakin baten arabera programatzen; entzuleari zerbait esateko duten proposamenak bilatzen ditugu», azaldu dute Zabaletak eta Zeberiok.
2026ko lehen seihilekoko programazioa
- Ernesto Oliva – Pianogintza kubatarra
Urtarrilak 11 · 19:00 · Igartzako jauregia
Ernesto Oliva pianista kubatarrak sustrai afrokubatarrak, jazzaren lengoaia eta musika klasikoaren eragina uztartzen dituen kontzertua eskainiko du. Inprobisazioa eta adierazkortasuna dira bere emanaldien ardatz nagusiak. - Jokin Lasa – Aberriak eta atzerriak
Otsailak 22 · 19:00 · Igartzako jauregia
Euskal literaturako gerra aurreko idazleen olerkiak musikara ekartzen dituen proiektua. Memoria, identitatea eta erbestea jorratzen ditu, formatu akustiko eta hurbilean, Pello Ramirez eta Kaki Arkarazoren laguntzarekin. - Aitor Garitano & German Ormazabal – Mundutik herrira
Martxoak 29 · 19:00 · Igartzako jauregia
Tenor eta piano errezitaldi honek nazioarteko errepertorio lirikoa eta euskal konpositoreen lanak uztartzen ditu, formatu intimo eta zainduan. - Joseba Irazoki – Gitarra Lekeitioak
Apirilak 26 · 19:00 · Igartzako jauregia
Gitarra bakarrerako proposamen esperimentala. Inprobisazioan oinarrituta, soinuaren esplorazio sakona egiten du, entzulea bidaia sonoro askera gonbidatuz. - Loinatz Abesbatza – Lau hamarkada Loinatz kantuz
Maiatzak 9 · 19:00 · Loinazko San Martin basilikan
Loinatz Abesbatzak bere 40 urteko ibilbidea ospatuko du, urteetan landutako errepertorioaren aukeraketa esanguratsuarekin, taldearen eta herriaren arteko lotura azpimarratuz. - Haizea Martiartu Quartet – Zutabe
Maiatzak 10 · 19:00 · Igartzako jauregia
Jazz garaikidea eta euskal erroak uztartzen dituen proiektua, Haizea Martiartu saxofonistaren ibilbideko etapa berri baten isla. - Esanezin – Hormetan idazten
Ekainak 12 · 20:00 · Erauskin plaza
Esanezin taldearen azken lanak efimerotasuna, zauria eta egunerokotasuna lantzen ditu, espazio publikoan sortzen diren elkarrizketak musikaren bidez irudikatuz.
Egitarau honekin, Igartza Musika Zikloak Beasaingo kultur eskaintza indartzen jarraituko du 2026ko lehen seihilekoan. Udalak eta antolatzaileek herritarrak kontzertuetan parte hartzera gonbidatu dituzte, musikaren bidez esperientzia partekatuak bizitzeko.













