Indarkeriarik gabeko gizartea aldarrikatzea du helburu sormen lehiaketak.
Lazkaoko 450 ikaslek 32 lan aurkeztu dituzte 2025eko Booktrailer Lehiaketan. Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira Lazkaoko Udalak antolatutako lehiaketa da, udalaren esanetan “gizartearen sentsibilizazioa, berdintasunaren balioa eta elkarbizitza sustatzeko” sortua. Ekimenak parte hartze “izugarria” izan du eta “ikastolako ikasleen, irakasleen eta hezkuntza komunitatearen inplikazioa” nabarmendu dute.
Kepa Zubiarrain alkateak azpimarratu du «oraindik ere garrantzitsua» dela gizartean, “familian, eskolan eta herrian, berdintasunaren eta errespetuaren alde lanean jarraitzea”. Lehiaketa, ekimen sortzaile bat izateaz gain, “hezkuntza eta gizarte tresna ere” izan da. “Sortzez eta sentsibilitatez egindako lan horien bidez, adin eta maila desberdinetako gazteek errespetuaren, elkarrekin eraikitzearen eta indarkeriarik gabeko harremanen balioak nabarmendu dituzte”. Lanen helburua, hala, argia izan da: indarkeriarik gabeko gizarte baten alde lanea jarraitzea.
Mezuaren garrantzia
Joan den astean egin zuten sari banaketa ekitaldia Lazkaoko udaletxean. Bi kategoria izan ditu lehiaketak, adinaren arabera banatuta. A kategorian hauek izan dira sarituak: LH 4. mailan, Sekretuen Hamahiru Zaporeak lana, eta LH 1. mailan, Daniela Pirata. B kategorian, aldiz, DBH 4. mailan banatu dituzte bi lanak, Hormak izenarekin biak; bata, Jare, Carla eta Anerena, eta June, Naroa, Aiara eta Junerena bestea. Udalak azaldu duenez, “ez da soilik lanen kalitatea baloratu, baizik eta horien atzean dagoen mezua” nabarmendu dute, mezu kolektiboa helaraziz. Parte hartzaile guztiei eskerrak eman eta euren inplikazioa aitortzeko, indarkeria matxistarik gabeko esku morea duen botila bana eman zaie.