Martxan da San Prudentzio Jaietako Kartel Lehiaketa
Lan-proposamenak parte-hartze orria barne duten gutun-azal itxian aurkeztu beharko dira udaletxeko harreran, otsailaren 27a baino lehen. Lehiaketak 200 euroko saria du.
Alicia Valiña Donazar, 2025eko San Prudentzio jaien kartel lehiaketako irabazlea.Lazkaoko Udala Beste behin ere herritarren sinadura izango du San Prudentzio 2026 jaietako egitarauaren kartel ofizialak, egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketa jarri baitu martxan Lazkaoko Udalak. Lanak aurkezteko epea otsailaren 27an amaituko da, eta parte-hartze orria barne duten gutun-azal itxian aurkeztu beharko dira udaletxeko harreran. Ekimen honen helburuak tokiko sormena bultzatzea eta udalerriko talentu artistikoari ikusgarritasuna ematea dira.
San Prudentzio jaiak eredutzat hartuta eta 32 x 15 cm-ko neurrien baitan egin beharko dira proposamenak, eta giro atsegina zein inklusioa bermatu beharko dute. Teknika aldetik askatasun osoa egongo da: marrazketa, collage, pintura edo beste edozein eskuzko zein ordenagailuz egindako teknika onartuko da. Parte-hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkezteko aukera izango du, eta San Prudentzio jaiak 2026 testua ageri beharko da horietako bakoitzaren azalean.
Lazkaotarrei zuzendutako adin mugarik gabeko lehiaketa bada ere, gutxienez hiru sortzaile beharko dira lehiaketarekin aurrera egiteko; hala izan ezean, lehiaketa bertan behera geratuko dela jakinarazi du udalak. 200 euroko saria du lehiaketak, eta epaimahaiaren esku egongo da nork irabazi duen erabakitzea. Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu parte hartzera.













