'Eguberri, eguzki berri' ekitaldiaren zortzigarren edizioa egingo dute Gabon iluntzean
Su berriari ongi etorria emango diote, kontakizun, bertso, musika eta dantza artean
Gabon iluntzean, abenduaren 24an, Eguberri, eguzki berri ekitaldiaren zortzigarren edizioa egingo da. 18:30ean kalejira egingo dute Zelai Ariztitik Gernikako Arbola plazara. Bertan, su berriari ongi etorria emango diote, kontakizun, bertso, musika eta dantza artean. Helburua kultura ondarea berreskuratzea da.
Egitasmo hau Urretxu eta Zumarragako Lepaka Haur eta Guraso taldeak eta Lekaio Kurtur Elkarteak jarri zuten martxan. Lepakak, herrigintzan diharduten beste hainbat taldek bezala, Olentzero eta Mari Domingi pertsonaiak baliatuz neguko solstizioa ardatz izango zuen ekintza baten falta sumatzen zuen herrian. Asmoa plazaratu zuen eta 2018. urtea geroztik baserritarrek, hainbat gurasok, kultur eragile ezberdinek (bertso eskola, txistulariak, txalapartariak, erraldoiak, dantzariak, musikariak eta Juanlu Aranburu), ikastetxeek eta hainbat eta hainbat herritarrek heldu diote Lepakarekin batera ekintza herrikoi hau antolatzeko erronkari.
Elkarlanean prestatzen da eta parte hartzeko deia egiten zaie herritarrei. Ekimena, Urretxuko eta Zumarragako udalen babesarekin eta Igartubeiti Baserri Museoaren, Irrintzi Dantza Taldearen eta La Salle Ikasle Ohien Elkartearen laguntza bereziarekin antolatzen da













