Ateak ireki ditu Segurako Lardizabal jauregi eraberrituak
Ate irekien lehendabiziko jardunaldia 11:00etan egin dute herritarrentzat. Bigarren bat izango da 17:00etan. Helburua, eraikina energetikoki efizienteago eta irisgarriago bihurtzea.
Goizeko ate irekien jardunaldia Segurako Lardizabal jauregian. Josune Zarandona Segurako Lardizabal jauregiak ateak ireki ditu gaur goizean herritarrentzat. Gaur egun udaletxea hartzen duen eraikinaren lanak irailean amaitu zituzten, hamar hilabeteren ondoren. Goizeko saioan hainbat herritar gerturatu da eraikina barrutik ikustera. Arratsaldean bigarren aukera bat izango da, 17:00etatik aurrera. Izarra Urdalleta alkateak lanen nondik norakoak azaldu ditu eta jauregiaren barruko bisita gidatua ere berak egin du.
Lanen helburu nagusiak eraikina energetikoki efizienteagoa eta erabilgarritasunari begiratuta irisgarriagoa bihurtzea izan dira, Urdalletak zehaztu duenez. Horretarako eraikina isolatu dute, «barrutik, kanpoko pareta babestuta dagoelako eta ezin delako ukitu». Aerotermia bidezko berotze sistema berria ere jarri dute, eraikin zaharrak beroa mantentzeko zituen arazoak konpontzeko. Irisgarritasunarekin lotuta, igogailu bat ere jarri dute, herritarrei udal bulegoetara sarbidea errazteko. Argiteria led sistemara aldatuta argitasunean irabazi da.
«Sentsibilitate handiarekin egin dute lan Zumitza enpresakoek, horrelako eraikin baten zaharberritzeak eskatzen duenaren neurrira»
Izarra Urdalleta. Segurako alkatea
Lanei esker etxea osoari erabilera eramatea lortu da. Bigarren solairua biltegi bezala eta udal artxibo historikoa gordetzeko erabili izan da orain arte. Artxiboa behera pasatu dute, «pisuak eraikinari kalte egiten ziolako». Orain, udal zerbitzuak eskaintzeko bulegoak egokitu dituzte bertan, erosotasunean eta erabilgarritasunean irabaziz.
Lanak Zumitza enpresak egin ditu, «zorte handia izan dugu, sentsibilitate handiarekin egin dute lan, horrelako eraikin baten zaharberritzeak eskatzen duenaren neurrira», argitu du alkateak. Guztira, 825.000 euroko kostua izan dute lanek. Europako funtsetatik 400.000 euroko diru laguntza jaso dute, Xacobeo Turismo planaren barruan; eta beste 225.000 euro, Eusko Jaurlaritzaren Ondarea sailetik. Segurako Udalak 200.000 euro jarri ditu kostua borobiltzeko.
Eraikin historikoa
Lardizabal jauregia XVII. mendearen amaieran eraiki zen eta gaur egun, kultura intereseko ondasun izendatuta dago. Horregatik, egin diren lan guztiek eraikinaren berezko izaera mantentzea izan dute helburu eta egindako esku hartze gehienak ezkutuan geratu dira. Etxearen elementu nagusiak —ateak, zorua, egurrezko habeak, harrizko paretak— mantendu eta berrerabili egin dira; eta ezkutuan zeunden hainbat elementu arkitektoniko ere berreskuratu dituzte. Segurako kultur ondarearen erakusleiho ere izango da; Santiago bideari buruzko erakusketa iraunkor bat jarri dute atarian eta bigarren solairuan etxearen kapera ere ikusgai jarriko dute.






















