Bizikleta aparkaleku berriak jarri dituzte Barrendain plazan
Bi aparkaleku itxi jarri dituzte martxan, sei bizikletentzako tokiarekin horietako bakoitza. Bizikleta eta garraio publikoa uztartzea errazteko urrats izatea nahi du Beasaingo Udalak.
Bizikletentzako aparkaleku itxiak, Barrendain plazan. Beasaingo Udalak, bizikletaren erabilera errazteko eta bultzatzeko neurri berriak abiatu ditu. Estrategia horren barruan, Barrendain plazan bi bizikleta aparkaleku seguru berri jarri dira martxan. Aparkalekuak itxiak dira, bakoitzak sei bizikletentzako lekua du, eta erabiltzaileek aplikazio baten bidez kudeatu ahal izango dituzte.
Zerbitzuak lehen 10 orduak doan eskaintzen ditu, bizikletaren erabilera errazteko eta erabilera ohikoago bihurtzeko helburuarekin. Hortik aurrera, orduko 30 zentimoko kostua izango du. Aparkalekuak erabiltzeko, euskaraz ere eskuragarri dagoen Don Cicleto mugikorreko aplikazioa erabili behar da.
Mugikortasun multimodalaren alde
Barrendaingo eremuan garraio publikoko hainbat zerbitzu elkartzen dira; aldirietako trena, ibilbide motz zein luzeko autobusak eta taxiak, besteak beste. Aparkaleku itxi hauekin, Beasaingo puntu desberdinetatik bizikleta bitartez garraio publikoa erabiltzeko gerturatu nahi direnei tresna berri bat eskaintzen die Udalak, bizikleta modu eroso eta seguruan utz dezaten.
Beasaingo Udalarentzat, “funtsezko elementua da bizikleta hiri jasangarri baterantz eta kutsadura murrizteko, trafikoa arintzeko eta bizimodu osasungarriagoa sustatzeko”. Horregatik, bizikletentzako azpiegiturak “hobetzea eta segurtasuna handitzea lehentasunezko ildoetako bat da” Udalaren esanetan.












