«Etxean jokatzea abantaila da eta horri gogor eutsi behar diogu»
Denboraldi baterako sinatu zuen Ourense CF talde galiziarrarekin Aitor Aranzabe futbolariak (Zaldibia, 1998). Errege Kopa lehiatzen ari dira, eta Lehen Mailako bi talde kanporatu berritan, aurkari berezia dute bihar: Athletic talde bilbotarra. Gogotsu dago zaldibiarra, eta ziur da kontzentrazioa mantendu eta partida ona eginda, lehiaketari eusteko aukera dutela.
Denbora daramazu futbolean.
Txikitatik izan dut futbolarekiko grina. Etxean hasi nintzen, Zaldibian, eskolako taldearekin areto futbolean jokatzen genuenean. 10-11 urterekin Ordiziako Futbol Eskolan apuntatu ginen, eta urtebete beranduago bertako taldean hasi nintzen beste hiru lagunekin batera. Lau urte eman nituen Ordiziako taldean, Realean sartzeko aukera suertatu zitzaidan arte.
2013an Realeko harrobian hazi zinen. Gero Tudelara, Sestaora, Irunera… eta orain, Ourensen zaude.
Oso gustura nago. Euskal Herritik kanpo bizitzen ari naizen aurreneko esperientzia da, eta oraingoz behintzat, aberasgarria izaten ari da. Ez nuen Ourense ezagutzen eta sorpresa handia eraman dut; hiri polita da, oso bizia, eta jende atsegina du. Taldekideekin ere harreman sendoa egin dut, eta tarteka, senideen eta lagunen bisitak jasotzen ditut. Toki batean gustura egoteko, inguru sendoa izatea beharrezkoa da, eta horretan zorte handia izan dut.
Zer ikasi duzu gehien?
Azken minutura arte borrokatzeak merezi duela eta eguneroko entrenamenduek duten garrantzia. Konstantzia. Futbola oso aldakorra da denbora gutxian; emaitza aldetik denboraldi hasiera kaskarra egin arren, segidan hiru partida irabazita, berriro ere posizio hobeagoetan kokatzeko aukera izaten da. Horregatik garrantzitsua da momentu zailenetan amorerik eman gabe lanean jarraitzea, futbolean edozein egoerari buelta ematea posible delako. Irakaspenek erakutsi didate hori, dudarik gabe.
Zeintzuk dira zelaian dituzun indarguneak?
Taldeko jokalaria naizela esaten didate, esfortzurik gordetzen ez duena eta partida oro dena ematen ahalegintzen dena. Jokalari azkarra eta potentea naizela uste dut; ezker hegaletik jokaldiak hastea eta gainerako jokaldiei jarraipen ona ematea gustatzen zait.
Errege Kopa jokatzen ari zarete orain, eta Lehen Mailako bi talde kanporatu berri dituzue: Real Oviedo talde asturiarra (prorrogan, 4-2), eta Girona talde katalana (2-1).
Momenturik onenean gaude. Egia da Ligako azken bi partidetan azkenengo minutuetan galdu ditugula puntuak, baina dagoeneko pasatu da hori, eta orain, partida horietatik irakaspenak atera eta hurrengoetan aplikatzeko ardura hartu behar dugu. Errege Kopan lortzen ari garena, bestalde, oso polita izaten ari da. Meritu askokoa, ez baita erraza Lehen Mailako bi talde kanporatzea.
«Disfrutatzen jarraitzea eta zelai barruan ahalik eta errendimendu altuena izatea dira nire helburuak»
Orain aurkari zaila duzue. Zaila eta berezia. Athletic Club.
Partida gogorra izango da, zalantzarik gabe, baina ziur naiz dakigun moduan jokatzen badugu, aukerak izango ditugula. Etxean jokatzea abantaila garrantzitsua da eta horri gogor eutsi behar diogu. Athletic-ek, bere aldetik, garrantzi handia ematen dio lehiaketa honi, azken urteetako emaitzak ikusi besterik ez dira egin behar hori ziurtatzeko. Oso talde ona da, baina kontziente gara horretaz.
Hurbilago sentituko dituzu zureak…
Beti da berezia, eta are bereziagoa bihurtzen da Euskal Herritik kanpo bizita. Ingurukoak partida jarraitzen izango dira, eta asko betetzen nau horrek; kuadrillako lagun batzuk ere etortzekoak dira Ourensera. Egia da partidaren aurreko egunak nahiko ezberdinak izan daitezkeela ohi baino gehiago hitz egiten delako partidaz, baina behin zelai barruan egonda kontzentrazioa mantentzen ahalegintzen naiz. Ez dut presio gehiegirik sentitzen, eta partida guztietan bezala ahalik eta ondoen jokatzen ahaleginduko naiz.
Etorkizunean, etxera bueltatu nahiko zenuke?
Goiz da horretan pentsatzen hasteko. Orain hemen geratzen zaizkidan bost hilabeteak disfrutatzea eta zelai barruan ahalik eta errendimendu altuena izatea dira nire helburuak. Ekaina iristen denean ikusiko dut zein aukera suertatzen zaizkidan, eta horren arabera erabaki bat edo beste hartu.













