GKSk mobilizazioak deitu ditu urtarrilaren 31rako
Mobilizazioen atarian, Goierriko GKSk komiteen aurkezpenak antolatu ditu eskualdeko hainbat herritan, eskualdea aldarriz jantzi eta gazteak antolatzera deitzeko asmoz.
Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) mobilizazioak deitu ditu urtarrilaren 31rako Bilbon eta Iruñean, «Faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka!» lelopean. Antolatzaileen esanetan, gaur egungo testuinguruan ezinbestekoa da «ideia erreakzionarioei, estatuen erreforma autoritarioari eta hedatzen ari den faxismoari aurre egitea», eta horregatik egingo dute deialdia.
GKSk azaldu du mobilizazioen helburu nagusia dela gazteen artean faxismoaren aurkako kontzientzia hedatzea eta Euskal Herrian faxismoari aurre egiteko indar antolatua badagoela erakustea. Horren harira, ohartarazi dute Euskal Herria ez dagoela joera horietatik kanpo: «Orain arte beste leku batzuetan baino zarata txikiagoarekin bada ere, euskal nortasunaren izenean aritzen den faxismoa agertzen ari da, bai sare sozialetan baita kaleetako hormetan ere».
Antolatzaileen arabera, diskurtso horiek mezu arrazista, supremazista edota matxistak hedatzen dituzte, eta horregatik beharrezkotzat jo dute edozein motatako faxismori aurre egitea, datorren lekutik datorrela ere. Ildo horretan, nabarmendu dute helburua dela «Euskal Herrian faxismoaren eta bere oinarrian dagoen kapitalismoaren aurkako kontzientzia indartzea».
Goierrin, komiteak
Mobilizazioen atarian, Goierriko GKSk komiteen aurkezpenak antolatu ditu eskualdeko hainbat herritan, eskualdea aldarriz jantzi eta gazteak antolatzera deitzeko asmoz. Honakoak dira hitzorduak:
Abenduaren 19an
- Ordizia: 17:00etan, Gaztetxean
- Urretxu-Zumarraga: 18:30ean, Zelai Ariztin
- Beasain: 19:00etan, Gaztetxean
- Legorreta: 19:00etan, Antzokian
- Legazpi: 22:00etan, Larrosain Gune Sozialistan
Abenduaren 22an
- Ataun-Lazkao: 18:00etan, Ataungo Oargin
Abenduaren 23an
- Zaldibia: 11:00etan, Gaztetxean
Amaitzeko, Goierriko GKSk eskualdeko gazteei deia egin die aurkezpen hauetan parte har dezaten, azpimarratuz faxismoari aurre egiteko «indar antolatua ezinbestekoa dela, eta gainera, urgentziazkoa».













