Mihura, Gabonetako apaingarria baino gehiago
Zuhaitz adarretan parasito moduan hazten den landarea da mihura, eta etxe atarian jarrita etxekoentzako energia ona erakartzen du.
Mihura ere iritsi da feriara, Gabonetarako produktuen atala aberasteko. Apaingarrien atalean kokatu behar da berez zuhaitz adarretan parasito moduan hazten den landare hau. Kanpotik hartutako ohitura dela pentsatzen dute askok, baina mihura aspalditik erabiltzen da garai hauetan Euskal Herrian.
Baserrietako atarian, sarreran jartzen zuten garai batean, Gabonak baino lehen, eta usadioak dio indarra ekartzen zuela etxera, energia ona. Gaur apaintzeko erabiltzen da bereziki, baina ez legoke gaizki lehengo esanahia berreskuratzea.
Ferian Maria Jesus Oriak eta Arantxa Lopetegik zuten salgai mihura, adarra 2 eta 3 euro artean.
Uzinen agurra
Produktu berri gehiagorik ez da ikusi gaurko ferian. Perretxikoetan ere ez da berritasunik izan, baina Lasaren postuan izan da zer erosi: 10 kilo ziza hori (34 euroan kiloa), 20 euro niskalo (25 euro), 10 kilo saltsa perretxiko beltz (29 euro), eta 25 kilo mendiko angula (36 euro). Postu honen zaindari, bi Olentzero eder zeuden jarrita, eta alboetan, salgai zituzten izeiak ere bai.
Bestalde, plaza ondoan jokoan zen txistorra lehiaketak eta Jakintza ikastolako ikasleek saldutako pintxoek usain eta giro paregabea zabaldu du inguruan goiz erdialdean hasita, eta horiek lagunduta agurtu du denboraldia Jose Mari Uzin tomate saltzaileak, maiatzera arte. Bitarte honetan jarraituko du azkoitiarrak feriako lanak egiten, baina asteartean Azpeitian, ostegunetan Urretxun eta larunbatetan Zumarragan.
Saltzaileen haserrea
Giro ona izan da goizean, bai, baina horrek ez du sosegatu saltzaile batzuen artean azkenaldian zabaldutako haserrea. «Ez gaude gustura udalarekin», azaldu du batek, «ez zaigu gustatzen gurekiko duen jarrera eta azokarekiko erakusten duen utzikeria». Adibide gisa, aparkalekua aipatu du: «Beste herri batzuetako feriatan aparkatzeko erraztasunak ditugu, hemen ez».
Plaza berritzeko lanei ere aipua egin die: «Diru asko gastatu dute, baina obrek ez dute guregan ia ondoriorik izan: bazterretan gaudenak haizearen eta euriaren menpe gaude, eta ez dute berogailurik jarri. Ez dute gure ongizatea kontuan hartzen».
Kexa horien guztien berri zuzenean eman die gaur plazatik ibili den Adur Ezenarro alkateari.
Feriako ardura dutenek, berriz, saltzaileak ahalik eta hoberen zaintzen dituztela eta beti laguntzeko prest daudela adierazi dute.
Bisita bereziak
Gaur ere izan dira bisitak Ordiziako ferian, eta D’Elikatuz zentroko gidarien eskutik posturik postu ibili dira Basque Culinary Centerreko talde bat, Irungo Txingudi institutuko ikasle batzuk eta Getariako jubilatuak.
Baina bisitarik bereziena Guardia Zibilek egin dute gaur. Ordiziako bi udaltzainez lagunduta, hiru agente ibili dira feriako postuetan, antza denez bertan saltzen ari ziren ontziratutako produktuek etiketarik ote zuten begiratzen.













