«Palestinan gertatzen ari dena gurekin lotuta dago»
Beasain Palestinarekin Herri Ekimenak hitzaldi berezia antolatu du gaurko, 18:30ean, Beasaingo udaletxeko batzar areto nagusian. Amaia Elorza Arregi beasaindarra izango da hizlaria, ‘Palestina, gure mina’ izenburupean.
Amaia Elorza Amaia Elorza beasaindarra sei urtez bizi izan zen Palestinan. Bere egonaldian, Israelek lurralde okupatuan aplikatzen dituen politikak dokumentatu zituen, eta nazioarteko erakunde askorentzat erreportajeak eta txostenak idatzi zituen. Horrez gain, lurraldera iristen ziren brigada eta delegazioetan gida lanak egin zituen, bertako egunerokotasuna eta erresistentzia moduak gertutik ezagutaraziz.
Gaur, hitzaldia egingo du Beasainen, Beasain Palestinarekin Herri Ekimenak gonbidatuta.
‘Palestina, gure mina’ da hitzaldiaren izenburua. Zer adierazi nahi izan duzue izenburu horrekin?
Izenburuarekin Palestinan gertatzen ari dena geure egin nahi dugu, ez dadin senti munduko toki urrun batean gertatzen den zerbait bezala. Gatazka hau hausnarketara ekarri nahi dugu, kontuan hartuta gure gizartea modu askotan dagoela han gertatzen ari denarekin konektatuta.
Hitzaldiaren helburua ere hor dago, ezta?
Hitzaldiak ematen ditudanean, historiarekin hastea gustatzen zait. Hasieran gatazka honen testuingurua kokatuko dugu, azken bi urteetan gertatutakoa hobeto ulertzeko. Jende askorentzat ‘gatazka-eremu’ bat besterik ez da Palestina, baina gogoratu behar dugu bertako biztanleak direla egoera honen lehen biktimak, eta horrelako baldintzetan bizi nahi ez duten lehenak. Horregatik, gatazka honen jatorria ulertzeko hainbat gako emango ditugu.
Sei urtez bizi izan zara Palestinan. Nola bizi izan zenuen okupazioaren errealitatea?
Ez da egoera gozoa. Egunero-egunero nabaritzen da biolentzia. Komunikabideetan muturreko egoerak ikusten ditugu, baina okupazioa egunerokoan bizi da. Askotan zaila da irudikatzea zer den lanera joatea, unibertsitatera edo senideak bisitatzera joatea, kontrol militarrez josita. Edozein momentutan itxi ditzakete pasabideak, abisurik gabe, eta horrek palestinarren mugikortasuna baldintzatzen du, eta ondorio larriak ditu.
Eguneroko istorio horiek ez dira normalean albiste bihurtzen, baina jasaten duten biolentziaren parte dira, eta herritarren bizitzan pisu handia dute. Depresio-maila oso altua da, eta etorkizun ekonomikoan ere eragin zuzena du.
Ni Belen inguruan bizi izan nintzen. Garai batean baserritarrenak ziren lurrak Israelek okupatu ditu, eta lehen sektorean lan egiten zuten asko etorkizunik gabe geratu dira. Turismoa ere oso kaltetuta dago: azken bi urteetan, arriskuaren beldurrez, datuak erabat hondoratu dira, horrek bertako herritarrengan duen inpaktuarekin.
Egoera bortitzak ere bizi izan ditut: armadaren sarrerak, tiroketak…hori ere egunerokoaren parte da.
Badil erakundean eta Aida errefuxiatu eremuan aritu izan zara lanean. Zertan jardun zenuen?
Ikertzaile lanetan aritu nintzen. Israelek palestinarren aurka inplementatzen dituen politikak ikertzea eta dokumentatzea izan da nire lana: etxeen konfiskaketak, baliabide naturalen lapurreta, identitate txartelen politika… Bai Zisjordanian, bai Gazan, eta baita Israel barruan ere, non biztanleriaren %22 palestinarra den, egon naiz datuak jasotzen, ondoren, Nazio Batuentzako eta beste erakunde internazionalentzako txostenak eta erreportajeak egiteko.
Nolakoa da hango komunitate sentimendua?
Komunitate-sentimendu oso sendoa dute. Nik Aida errefuxiatu eremuan bereziki ondo konektatu nuen bertako jendearekin, eta horregatik, han gelditu nintzen. Bertakoek sortutako elkarte baten bidez, proiektu kultural ugari garatzen dituzte, eta gazteentzako espazio bat ere badute, musika eta dantza ardatz dituena. Ni han nengoela, behar zen guztian laguntzen nuen: konponketak, itzulpenak, kanpotik etortzen ziren taldeen harrera… Esperientzia oso aberasgarria izan zen.
2015ean eta 2016an, Palestinako herritarren bisitak antolatu nituen Euskal Herrira: Beasainen, Ordizian, Tolosan, Donostian, Durangon, Iruñean… egon ginen. Udalek gonbidatuta etorri ziren, eta kultur ekitaldietan parte hartu ez ezik, Palestinan bizi duten egoeraren berri eman zuten hitzaldien bidez.
Indarkeria politikoa eta mugimendu sozialak ikertu dituzu. Zer ikaspen atera dituzu?
Doktoretza egiten ari naiz orain, eta azken bi urteetan galdera nagusi bat mahai gainean dago: herritarrok zer rol bete dezakegu horrelako gatazken aurrean? Askotan erakundeei begiratzen diegu, baina azken bi urteetan genozidio baten aurrean, gobernuek oso gutxi egin dute, eta nazioarteko erakundeek ia ezer ez. Eta orduan, herritarrok edo mugimendu sozialek ezin dugu ezer egin?
Ikuspegi mediatikoari dagokionez, zer hutsune ikusten dituzu?
Albistegiek eguneroko gertakariak jaso dituzte: erasoak, misilak, armadaren sarrerak… baina ez da kontatu Israelek Gazan duen benetako interesa. Israelek Gazaren erabateko kontrola nahi du, negozioetarako, lurraren okupaziorako, eta hor Estatu Batuek ere badute zeresana. Ia guztia suntsitu dute, eta ez dago berreraikitzeko planik.
Kazetariek ezin izan dute sartu, laguntza humanitarioa oso mugatua da, eta galdera nagusia da: zer egingo dute han bizi diren palestinarrek? Azkenaldian uholdeak ere izan dira, egoera are gehiago okertuz. Su etenak Israeli egin dio mesede gehien, bere nazioarteko irudia oso kaltetua zegoelako. Presioa desagertu da, baina Gazaren kontrolak hor jarraitzen du.
Zein mezurekin amaituko zenuke?
Gure ardura da egin dezakegun guztia egitea egoera hau aldatzeko. Palestinarrek ez dute karitatea behar; behar dutena da gure konplizitatea. Haien lurretan negozioa egiten ari diren enpresak eta erakundeak seinalatu eta ukatu behar ditugu. Presioa egiten jarraitu behar da, neurriak hartu, eta Israel isolatu. Beasainen bertan, CAF bezalako adibideak ditugu.













