Ekitaldi egitarau berezia prestatu du Legazpiko Gaztetxeak Gabonetarako
Larunbatean Subeltza musika kolektibo berrituaren aurkezpena eta kontzertuak egin ondoren, era askotako jarduerak izango dira, Errege egunaren bezperara arte.
Legazpiko Gaztetxeak Gabonetako opor intentsuak izango ditu, larunbatean hasi eta Errege egunaren bezperara arte, egitarau zabala prestatu duelako.
Hasteko, larunbat honetan, abenduak 20, Subeltza musika kolektibo berrituaren aurkezpena izango da, musikaz lagunduta, 19:30etik aurrera. Gauean jarraituko du Subeltzari eskainitako egunak, kolektiboko bi musika talderen emanaldiekin. 20:00etan hasita, Emaion taldeak eta Xaukena elektrotxarangak joko dute, azken hau ohiko kalejira formatutatik aldenduta.
Hurrengo hitzordua gabon bezperan izango da, abenduaren 24an, sagardo eta txorizo banaketarekin. Eta Gabonetako egun esanguratsuenak pasatu eta gero, Ukabilka taldearen eguna etorriko da, abenduaren 26an. Ukalbika faxismoaren aurkako bigarren futbito txapelketa egingo dute. Bost jokalariko taldek parte hartu ahal izango dute, pertsonako euro bat ordaindu beharko da, eta abenduaren 21a izango da izenak emateko azken eguna, Ukabilka borroka taldearen sare sozialetan.
Egun berean, abenduaren 26an, bi egunetan ospatuko den Garagardo festari emango diote hasiera, 18:30ean, eta musika emanaldi akustikoaz lagunduta. Ostiral horretan eta larunbatean 18:00etatik aurrera, bost garagardo desberdin dastatzeko aukera izango da Gaztetxean. Jatekoa ere egongo da.
Urte amaiera ere ospatuko dute Legazpiko Gazte Asanbladakoek, eta Korostira igotzeko asmoa dute abenduaren 31an. Pintxoa eta sagardoa izango dituzte han zain, eta “kanarietako kanpaiak” entzuteko ere bai.
Gabonetako ekitaldiekin amaitzeko, Errege bezperan, urtarrilaren 5ean, festa ospatuko dute Gaztetxean.













