Goierriko azken hippy dendaren amaiera
Azkeneko Gabonak ditu Ordiziako Kale Nagusiko Kixmi dendak. Egun seinalatu horiek pasatu ondoren, erretiroa hartuko du Ima Aizpuruak, eta 33 urtez irekita izan diren lantokiaren ateak behin betiko itxiko ditu.
Ima Aizpurua, Kixmi dendan.Loinaz Agirre. Jubilazioagatik, Ordiziako eta Goierriko denda historiko eta mitiko bat gehiago itxiko dute urte berriarekin batera. Ordiziako Kale Nagusian, udaletxe ondoan, 33 urtez irekita egon den Kixmi dendak azken Gabonak ditu, behin betiko ateak itxiko baititu urtarrilean. Erakusleihoan jubilazioagatik itxiera iragartzen duen kartela jarri zuenetik, bezeroen maitasuna jasotzen ari da Ima Aizpurua ordiziarra.
1993ko martxoan ireki zuten Kixmi denda. «Gaur egun nire senarra dena, eta garai hartan nire mutil laguna zena eta biok langabezian geratu ginen. Nire koinatua Thailandian bizi zen eta dendetara zilar pixka bat ekartzen hasita zegoen. Ideia hortik sortu zen. Anaiak lokala erosten ere lagundu zigun».
«Garai hartan, denda hippy-a deitzen zitzaiona zen, eta oraindik ere izen horrekin geratu da, nahiz eta hippy-a ez izan. Arropa ez da hippy-a baina beste ukitu batekoa da»
Koinatuaren bidez, Thailandiatik ekarritako zilarrezko bitxiak eta artisau lanak saltzen hasi ziren, baina gaur egun azoketara joaten da salgaiak erostera. «Hasieran, dena Thailandiatik ekartzen genuen: zilar asko harri oso politekin, artisautza lanak… egurrezko kaxatxoak, irudiak…. larruzko poltsak… Hasieran arropa gutxiago sartu genuen, eta hippy-agoa zen. Garai hartan, denda hippy-a deitzen zitzaiona zen, eta oraindik ere izen horrekin geratu da, nahiz eta hippy-a ez izan. Arropa ez da hippy-a baina beste ukitu batekoa da. Arropa normala da, agian ez hain pijoa», dio Aizpuruak.
Bezero fidelak
Garai batean Goierrin izan ziren hippy denda deituriko denda gehiago, baina Ordiziako Kixmi izango da ixten azkena. «Jendeak hori esaten dit: nora joan behar dugu orain. Horrelakorik ez dago hemen». Izugarrizko pena du denda ixteagatik, baina hainbeste urtetako lan jardunaren ondoren, merezia du atsedena. «Alde batetik pena ematen dit, asko gozatu dut eta». Eta pena du, jubilazioagatik hainbeste denda ixteagatik. «Hemendik 5-bat urtera, denda asko itxiko dituzte Ordizian jubilazioagatik».
«Beti esaten dut, eduki dudan bezeroa gozada bat izan dela. Oso fidela, oso jatorra. Ez Ordiziakoa bakarrik, eskualde osokoa. Eta orain erantzuna jasotzen ari naiz»
Gainera, bezeroen falta ere sumatuko du ordiziarrak. «Beti esaten dut, eduki dudan bezeroa gozada bat izan dela. Oso fidela, oso jatorra. Ez Ordiziakoa bakarrik, eskualde osokoa. Eta orain erantzuna jasotzen ari naiz. Kariñoa transmititzen ari zaizkit egun hauetan. Itxiera oso polita izaten ari da, emozio askokoa».
Eskerrak emateko unea
Egun bereziak izaten ari dira, bezeroak agurtzeko eta eskertzeko egunak. Bezero fidel horiei eskerrak eman nahi izan dizkie lerro hauen bitartez: «Bezero guztiak eskertu nahi ditut. Oso bezero fidela izan da, urte askoan. Hainbeste urtetan irekita eduki dugu denda, jende asko etorri delako. Bezeroei esker hemen egon gara hainbeste urtean».













