Legazpiko Udalak 18,17 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du 2026rako
Atzoko udalbatzan onartu zituzten urte berrirako diru kontuak. Gobernu taldea osatzen duten EAJko eta PSE-EEko zinegotzien eta EH Bildukoen aldeko botoa jaso zuten.
Legazpiko udal gobernu taldea: Amaia Aizpurua (EAJ), Oscar Valbuena (PSE:EE), Edurne Matias (EAJ), Eric Galvez (EAJ), Miryam Galilea (EAJ), Josu Galilea (EAJ) eta Nerea Lopez de Heredia (PSE_EE). Legazpiko Udalak 2026rako aurrekontuak onartu zituen atzo egindako udalbatzan, gobernu taldea osatzen duten EAJ eta PSE-EEren eta oposizioko EH Bilduren aldeko botoekin. Horrela, datorren urteari aurre egiteko, 18.171.949 euro izango ditu guztira, amaitzen ari den ekitaldian baino % 26,75 gehiago. Udal ordezkariek azaldu dutenez, hazkunde honen arrazoia “kudeaketa ekonomiko arduratsu baten” emaitza da: “Udalak presio fiskal moderatua mantentzen du, aurrekontuen egonkortasuna betetzen du, eta zorpetze maila baxua du”.
Legazpiko udal aurrekontua Goierri garaiko lau herrietatik altuena dela azaldu dute gobernu taldeko ordezkariek, eta “bizilagunen egunerokotasuna errazteko” helburua dutela nabarmendu dute: “Ideia argi batekin sortutako proiektua izan da aurrekontuena: pertsonak erdigunean jartzea, eta etorkizuna izango duen herri bat eraikitzen jarraitzea”.
Aldi berean, aurrekontu hauek gobernu taldearen eta udal teknikarien arteko lan partekatuaren emaitza direla ere esan dute, eta ez direla “soilik dirua banatzera mugatzen. Partida bakoitzaren atzean helburu argiak eta ekintza-planak daude, zerbitzu publikoak hobetzeko eta udal-arlo guztietan modu ordenatu eta koherentean aurrera egiteko”.
Inbertsioak, “etorkizuna arriskuan jarri gabe”
Kanpo finantzaketa lortzeko “gaitasun historikoa” ere azpimarratu dute, horren ondorioz inbertsioak biderkatu ahal izango direlako. “etorkizuneko jasangarritasuna arriskuan jarri gabe”. Udalak lortu dituen diru laguntzei esker, “Legazpik funtsezko proiektu estrategikoak” bultzatu ahal izango ditu, hala nola Latxartegi, Ezkurrenea, District Heating-a, San Martingo txabola eremua birnaturalizatu eta lehengoratzea, eta Urtatzako behin-behineko aparkalekuarekin bat egingo duen aparkaleku berria. Gainera, datozen urteetan udalerriko hiri, gizarte eta energia eraldaketak markatu ahal izango dituzte.
Udalaren diru iturri nagusia Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekarpena izango da, 7,9 milioi eurokoa, aurten baino % 7 gehiago. Horri gehitu behar zaizkie udal zerga eta tasetatik datozen ohiko diru-sarrerak.
Aparteko beste diru sarrera bat ere izango da, San Martingo pentsioa zegoen orubean egin nahi diren etxebizitzei lotutakoa, eta kanpoko hainbat diru laguntza ere izango dira, 2,6 milioi eurokoak. Laguntza hauei esker, funtsezko proiektuak bultzatuko direla diote udal ordezkariek, eta “Udalaren osasun ekonomikoa arriskuan jarri gabe”.
Hiru eremu, “herri proiektu baterako”
Aurrekontua hiru arlo nagusitan egituratzen da berriro: Lurraldea, Herritarrak eta Antolaketa.
Herritarren Arloak aurrekontu osoaren %42,75a jasotzen du, eta “Udalak ongizatearekin eta gizarte kohesioarekin duen konpromisoa indartzen du”. Gizarte Zerbitzuetan egindako inbertsioa izango da nabarmenena, 3,5 milioi eurorekin, batez ere Ezkurrenea proiektuaren eraginez. Aldundiak, “printzipioz”, milioi bat eurorekiko parte hartuko du finantzaketan. “Espazio horrek aukera emango du gizarte arretako eta belaunaldien arteko etxebizitzako eredu berritzaile bat garatzeko, pertsonen bizikidetza, laguntza eta autonomia bultzatuz”.
Aurrekontuak “udalerriko eguneroko bizitzan presentzia handia duten esparruak” ere indartzen dituela azpimarratu dute: “kirol instalazio eta osasun programetan hobekuntzak eginez; hezkuntza arloa, zein modu nabarmenean hazten den ikuspegi komunitariotik ongizate emozionaleko proiektuak sustatzeko; euskara, herritarrekin batera definitutako ekintza-plana abian jarriz; eta kultura, familientzako eta haurrentzako proposamen berriekin programazioa zabalduz. Gainera, “merkataritzan, arreta bulego berria dugu, oinarrizko negozioak erakartzeko eta belaunaldi errelebo faltagatik zailtasunak dituzten saltokiei laguntzeko ekimenetan lan egiten duena”.
Lurraldea arlorako 7,6 milioi euro izango dira, eta “hiri eta landa eremua eraldatzen jarraitzeko” aukera emango du kopuru horrek. Bide publikoetan egindako inbertsioak “errekor zifrak” lortu ditu, eta “jarduera nabarmenak” egin dituzte Latxartegi parkea birmoldatzeko. Gainera, beroa banatzeko sistema zentralizatua edo district heating bat instalatuko da, herriko berokuntza eta zorupeko energia konbinatzen dituen sistema bat, inguruko eraikin publikoei zerbitzua emateko. Urtatzan, bestalde, aparkaleku berriak sortuko dituzte, hilerria eta beste espazio batzuetan irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dira. Horiek, Legazpi Auzoetatik partaidetza prozesuan jasotako proposamenak dira.
Mugikortasunari eta segurtasunari dagokienez, jarraitu egingo dute Kale Nagusia, Nafarroa eta Laubide oinezkoentzako sarbideen erregulazioarekin, eta garraio publikoaren hobekuntzarekin. Hain zuzen, Junetorri zerbitzua berrituko dute, eta autobus % 100 elektriko bat jarriko dute, “mugikortasun iraunkorrago baten alde eginez”. Aurrekontuak landa-garapena ere indartzen du, % 29ko hazkundearekin, “lehen sektoreari lagunduz”.
Antolaketa arloak, azkenik, 2,7 milioi euro izango ditu, “udal moderno, eraginkor eta hurbila” finkatuz. 2026an, Herritarrei Arreta emateko Zerbitzuaren Kontingentzien Plana egingo dute, “edozein egoeratan arreta egokia bermatzeko”. Adimen artifizialeko tresnen erabilera aztertzen ere hasiko dira, “barne eraginkortasuna hobetzeko eta arreta pertsonalizatuagoa emateko denbora askatzeko”.
Legazpiko bizimodua hobetzeko aurrekontua
Datorren urterako aurrekontuak, “azken urteetan lortutako aurrerapenak sendotzeaz gain, udalerri iraunkorrago, kohesionatuago eta etorkizunerako prestatuago baterantz jauzi kualitatibo bat emateko prestatzen du Legazpi zerbitzu publikoak indartuz, tokiko ekonomia dinamizatuz eta bizitzako etapa guztietan pertsonak zainduz”.
Amaitzeko, udal ordezkariek azpimarratu dute “aurrekontu bizia” dela, eta urtean zehar garatzen eta egokitzen joango dela, “betiere Legazpiko bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko, eta herri proiektu partekatu bat eraikitzeko helburuarekin”.













